Lekarozko ikastetxe zaharrean Garuneko-paralisia eta antzeko alterazioentzako erreferentziazko zentroa zabaldu du Aspacek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ots. 19a, 10:03
Aterpetxe turistikoa eta hezkuntza zentroaren zabaltze ekitaldia ere burutu zuten ortziralean Lekarozen.

Garuneko-paralisia dutenen zein beraien familia eta arlo horretako profesionalen topaketak eta formazioa bultzatzea du helburu instalazio berriak

Nafarroako Goberuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra eta Hezkuntza kontseilari Maria Solana ASPACEk Lekarozen zabaldu duen Garuneko-paralisia eta antzeko alterazioentzako erreferentziazko zentroaren irekiera ekitaldian izan ziren otsailaren 16an, Baztango udal ordezkariekin batera. Bertan gainera aterpetxe turistikoa eta hezkuntza zentroaren zabaltze ekitaldia ere burutu zuten. 

 

Lekarozko ikastetxe zaharra, Nasuvinsak gizarte ekimenetarako berreskuratu eta moldatutako eraikinak, Garuneko-paralisia eta antzeko alterazioentzako erreferentziazko zentro, turismorako aterpetxe zein hezkuntza zentro bilakatu da. Erreferentziazko zentro honen zabaltzearekin, ASPACEk garuneko-paralisia dutenen zein beraien familien bizi kalitatea hobetzeko bertze aurrerapuso bat eman du. «Zentroak garuneko-paralisia duten pertsonak zein beraien familiak bizi kalitatea hobetzeko lanean diharduten profesional eta elkarteetako arduradun eta lan-taldeak hartuko ditu», azaldu du Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak. Laparrak gainera ASPACEk emandako pausoak nabarmendu ditu, «pertsona hauen beharrei erantzuna emateko zerbitzuak eta programak lantzen dituzte».

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak gogoratu du Hezkuntza departamentua 2016tik ari dela ASPACErekin elkarlanean Lekarozen, English Week ekimenaren parte bat han egiten baita harrezkero. «Balorazioa bikaina da, bai ingurua, bai ASPACEko langileek egin diguten arreta aparta baita», adierazi du Solanak. Horregatik, Eleaniztasuna eta Irakaskuntza Artistikoen Zerbitzuak zentro horren alde egin du hizkuntza-programa bertan eskaintzeko eta dagoeneko erreserbak egina dago hamar astetarako, irailaren 17tik azaroaren 23ra. Era berean, iragarri du Departamentuak beste formazio saio bat aurreikusi duela bertan «astebeteko seminarioa Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak prestatzeko B2 edo C1 hizkuntza akreditazioa eskuratzeko Hizkuntza Eskolan».

Nafarroako ASPACEk 1971ean ekin zion garuneko-paralisia eta antzerako alterazioak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko itinerario bat lantzeari, hartara adin eta bakoitzaren beharren arabera programa eta zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu. Bide horren barruan sortu da Garuneko-paralisia zein antzerako alterazioak dituztenentzako erreferentziazko zentroa. Bertan hainbat ekintza burutuko dira: moldatutako kirola, autodeterminazioa, parte hartze aktiboa, ikastaroak, zein landa eremuan ekintzak eta, besteak beste, hezkuntza ikastaroak. Gainera, garuneko-paralisia dutenen familientzako zehin elkarteetako profesionalentzako ere ekintzak eta jardunaldiak antolatuko dituzte. Hain zuzen ere, ortziraleko irekiera ekitaldia Garuneko-paralisia dutenentzako elikagaien prozesua jardunaldiaren baitan egin da, bertan erkidego ezberdinetatik hurbildutako kideak ari dira parte hartzen.

 

Aterpetxe turistikoa

Nafarroako ASPACEk 2003an hartu zuen Baztango Gazteen Aterpetxearen gestioa eramatearen ardura. Bertan 20 kidek lan egiten dute, ia %90a ezgaitasunen bat duten bailarako kideak dira. Aterpetxeak dituen eremu ezberdinetan 130 kide hartzeko kapazitatea du. Eraikin osoa pertsona ezgaituek erabili dezaten moldatuta dago. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun