Eguraldi hotza baina giro goxoa izan zuten Arraiozko inauterietan

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 13a, 12:33

Ortziralean gazteak baserriz baserri eta haurrak eskolako ospakizunean ibili ziren; larunbatean, berriz, gazteak etxez etxe eta haurrak Urrutiako plazan ibili ziren

Otsailaren 9an eta 10ean, eguraldi hotza inauteri giroaren bidez goxatu zuten Arraiozko inauterietan. Ortziralean, ostatuan gosaltzea aurreikusten bazuten ere, azken momentuan herriko elkartean egin behar izan zuten. Bapo gosaldu ondotik, herriko hiru baserri bisitatu zituzten herriko 14 neska-mutilek. Ortzirala afari ederra eginez borobildu zuten.

Bien bitartean, haurrek eskolako ospakizunaz ospatzeko aukera izan zuten. Biharamunean, gazte andana bildu zen 15 etxetan barna etxez etxe ibiltzeko. Guztiek mozorroa jantzita, kanta zaharrak kantatuz, pasatu zuten eguna. Ondotik, jokoak ere egin zituzten, irriz lehertu zirelarik. Haurrek Urrutiako plazan zuten hitzordua. Bertan txokolatea edan zuten. Iluntzean su artifizialez gozatu zuten. Eguna bukatzeko Batzartegian afaldu zuten, inauteriak heldu den urtera arte agurtuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun