Ziga eta Zigaurreko saneamendu eta zolaberritze lanen finantziazioa onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 13a, 08:54

209.907 euroko ekarpena eginen du Balleko Etxeak, 645.762 euroko aurrekontu batean

2017-2019 epealdiko tokiko inbertsio plan berria abian den honetan, Baztango Udalak Zigan eta Zigaurren saneamendua eta zolaberritzea egiteko eta argien sarea berritzeko proiektuen finantziazio planak onartu berri ditu. Otsailaren 9an egin zen ezohiko bilkuran hain zuzen, aipatu lanen finantziazioarako udalaren ekarpena onartu zen, 209.907 euro; erabakia EH Bildu, Ezkerra, Geroa Bai eta Auzolaneanen aldeko zortzi bozkarekin eta UPNren bi zinegotzien abstentzioarekin hartu zen.

Egin beharreko lanak hauek dira: Zigaurren hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareen berritzea, karriken zolatzea eta argien sarea berritzea eta Zigan argien sarea berritzea. Osoko bilkuran erabakitakoaren arabera lanak 2017ko diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko dira. Zuzenbidean lanak urtearen bigarren erdian eginen dira. Aipaturiko lanek 645.762 euroko aurrekontua dute, udalaren gain aipaturiko 209.907ko kopurua geldituko litzateke eta gainerakoa Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko luke. Urtarrilaren 12an udaleko ordezkariak herriko alkatearekin eta kargodunekin lanen xehetasunetaz aritu ziren eta beraien onikusiarekin orain onartu diren proiektuak idatzi ditu LKSek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun