Orakunde Eguna ospatu dute Anizen

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 12a, 07:44

Anizko herritarrek Dorita Barrenetxe eta Roxario Iturralderi eskerrak eman nahi izan dizkie urtero-urtero bazkaria prestatzen aritu direlako

Herri gehienetan inauteriak ospatzen ari ziren bitartean, Anizek Orakunde Eguna ospatu zuen, otsailaren 10ean. 10:00etan haur eta gurasoak Plaxa Xaharren hitzordua egin eta musikarien konpainian Askagaindik hasi ziren etxez etxe; zaretoa eskuan, arraultzak, xingarra eta xixtorra bildu zituzten. Ondotik, jaki horiekin egin zuten merendu-afaria. 

14:00etan etxez etxeko itzulia akitu, hortik frontoirat joan eta aulki dantza egin zuten. Haur, guraso, gazte... aniztar gehienak, 50 lagun inguru, elkartean bildu eta bazkaldu zuten. Aurten, gainera, Anizko herriak sukaldariei, Dorita Barrenetxe eta Roxario Iturralderi, eskerrak eman nahi izan dizkie urtero-urtero bazkaria prestatzen aritu direlako. Bazkalondoan, Ainhoa Maritorena alkateak esker hitzak eman zituen, eta oroigarri bana eman zien isilpeko lanean hainbertze urtez aniztarrei jatera emateagatik.

Bazkalondoan denak frontoian bildu ziren eta haur, gazte eta helduak jostetan aritu ziren: ipurdiarekin norberak globoa hautsi, hankarat globoa lotu eta bertzeen globoa hausten saiatu, bi lagunen artean kopetan mandarina hartu eta harat honat ibili, zakuekin frontoiko itzulia egin...

Orakunde eguna haurren ospakizunetarako bada ere, eta nagusitasuna haurrek baldin badute ere, Anizen jokoetan herritar guztiek parte hartzen dute. Hondarreko jokoa oilarra harraoatzea izan zen, Leize Maritorenak harrapatu zuen. Oilar harrapaketaren ondotik, berriz elkarterat joan eta etxez etxe bildutako puxkekin berriz ere Dorita eta Txarik prestaturiko afari goxoa jan zuten. Anizko herriaren izenean, esker mila Dorita eta Txariri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun