Orakunde Eguna elurpean ospatu dute Arraiozen

Nerea Mortalena 2018ko ots. 9a, 09:58

Orakunde eguna sorpresarekin hasi zen Arraiozen, elurraren bisita izan baitzuen herriak. Goiz-goizetik hotza izan zen protagonista. Hala ere, egun berezia zenez, haurrak gogotsu ekin zioten egunari.

 

Goizean denak baserritarrez beztiturik meza izan zuten eta ondoren, ohiturari jarraituz, herriari bueltaxka eman zioten musikaren laguntzaz eta herriko karrika alaitzeko aukera izan zuten. Eguerdian bazkaria izan zuten herriko elkartean. Bertan haurrak, guraso, irakasle eta herriko alkate eta alkate-lagunek ohikoa den menuaz gozatzeko aukera izan zuten.

Arratsaldean berriz, jokuak izan zituzten eta eguneko momenturik garrantzitsuena, oilar harpatzea. Hiru oilar harrapatu ziren eta hauek izan ziren oilarrak harrapatu zituzten haurrak: ttikietan Jon Villanueva Astizek harrapatu zuen oilarra, ertainetan Ganix Alunda Hualdek eta haundietan berriz, Iker Ezkurra Navarrok hartu zuen.  Eguna borobiltzeko txokolate bero-beroa izan zuten. Honekin aio erran zioten hurrengo urte arte Arraioztarrek Orakunde egunari.

 

Inauteriak otsailaren 9 eta 10ean

Arraiozen ere, urte batzuk gibelera egiten badugu, mutil gazteek inauteriak egiten zituzten. Izan ere, etxez etxe ibiltzen ziren akordeoi soinuaz alaiturik. Lehenago hiru egun irauten zuten inauteriek, ortzegunarekin hasi eta larunbatean bukatzen zituzten.

Gaur egun, noski, herrian neskak eta mutilak ibiltzen gara eskean, eta inauteriek bi egun irauten dituzte. Aurtengoan, otsailaren 9an eta 10ean izanen dira.

Ortziralearekin hasten dira. Herriko gazteek, goizean goizik, ostatuan elkartu eta bertako baratzuri zopa eta zenbait etxetan ematen duten zerri-puskekin gosaltzen dute eta indar nahiko hartu ondotik, baserrietara joaten dira, eskean akordeoi musikaz lagundurik.

Larunbatean, berriz, herrian aritzen dira eskean, Mardea auzotik hasi eta Urrutian akitzen dute beren bueltaxka. Eguna akitzeko, afari herrikoia antolatzen da Herriko Batzartegian eta bertara edozein herritar hurbiltzen ahal da. Musikaren laguntzaz, adio erraten diegu Arraiozko herritarrek inauteei.

 

Eskolan ere ospatzen dute

Eskolan ere haurrek inauteriak ospatzen dituzte. Ortziralean, mozorrotu, herriari buelta eman eta gero txokolatea hartuz akitzen dute eguna. Larunbatean, gazteak etxez etxe ibiltzen dira eta haurrek gustura hartzen dute gazteen bisita. Beraiek ere mozorrotu eta egunaz gozatzen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun