Etxez etxe ibili ondotik, 14:00etan bazkaria izanen dute Mendiarte kultur elkartean, eta segidan, laurak aldera, jokoen txanda izanen da. Jokoetan, printzipalena haurrak baldin badira ere, Anizen helduxeagoak ere aritzen dira jostetan. Ilunabar aldera, hondarreko jokoa oilar harrapatzea izaten da.
Jokoak akituta txokolatada jateko aukera izanen da, eta akitzeko, etxez etxe bildutako puskekin afaria izanen da: tortilla txistorrarekin, xingarra...
Hori larunbatean, eta astelehen arratsaldean, otsailaren 12an, haur eta gurasoak berriz ere bestan ibiliko dira, kasu honetan mozorroturik. Anizko inauteak ilbeltzaren 20an izan baziren, haurrek ere beren mozorro besta izateko, hondar urteetan inauteetako astelehenarekin mozorroa soinean herriari itzulia ematen diote eta arratsaldean merendua eginen dute elkartean.