Areago, «Elizondon bertan, desfilearen indarra itzaltzen hasia zen... azken urteetakoa ikusiz, ordea, berpizten hasia da: kuadrillak gero eta gehiago dira, eta lan handia hartzen dute, zorionez». Urte dezentez «kuadrillan» mozorrotu izan dira, baina orain «bakarrik» ateratzen da, «gibeletik segitzeko zailtasunak izaten dituztelako...», adierazi digu irriari ezin eutsiz. Ikastolako desfilean ere ibili izan da, «alabak ikastolan hasi zirenean, duela hogeita hamabi urte inguru hasita berriki arte», baina orain «ondorengoei pasa diete lekukoa». Bakarrik mozorrotzearen zailtasun nagusia «zertaz jantzi erabakitzea» da: «azken orduan prestatzen dudan mozorro horren atzean, ideia eraikitzen, denbora luze ematen dut». Mozorratzen «daramatzadan urteak ez dira gutti baina, urte aunitzez bi egunetan lau mozorro paratu izan ditut... eta ondorioz, bitxikeriak, istorioak eta momentuak, oroitzapenak, gero eta gehiago diren heinean, ideiak guttiago dira. Erabakita dagoelarik, «ganbarara joan eta beti aurkitzen dut era-bilgarria zaidan zerbait». Hemen eta han arakatuz eta «hau eta hori probatuz irriz lehertzen naiz», momentu horiek «izugarri gustatzen zaiz-kit, liburu batean idatzirik bildu eta betiko gordetzeko modukoak dira». Halere, mozorroa zein nahi delarik, «horren araberako jarrera hartuz gero, xarma bertzelakoa da, arropek eta osagarriek baino indar gehiago du maiz». Baina horretarako, «lotsagarri ez sentitzea» da sekretua, aunitzek aurpegia tapatzen dute, horrek segurtasuna eskaintzen dielako akaso... «nik, horretan, ez dut arazorik». Ikusleak «errespetatuz baina zirikan ibiltzea» maite du, bereziki, «isilik gelditzen ez direnei adarra jotzea». Hala, haien gozamena eta nirea, «bion artean eraikitako hartu-emanaren ondorio bilakatzen da, norabide bikoitzekoa». Beraz, «gozamen egun bat nahi duenak, irriak opari jaso eta eman nahi dituenak» Elizondora jo dezake: «guztiok behar ditugu horrelako egunak bizitzan, eta inauteriek aukera paregabea sortzen dute, pasatzen uztea baino hobe bizitzea».