Gaur egun, ordea, ortzeguna izaten da neska-mutikoen egun handia. Aurten, otsailaren 8an eginen dute. Goizean meza eta herritik barna kantuz joaten dira, herriko karrikak alaituz. Eguerdian ohikoa den orakunde eguneko menua bazkaltzen dute eta arratsaldean jokoak eta eguneko momenturik garrantzitsuena izaten dute, oilar harrapatzea.
Inauteriak otsailaren 9 eta 10ean
Arraiozen ere, urte batzuk gibelera egiten badugu, mutil gazteek inauteriak egiten zituzten. Izan ere, etxez etxe ibiltzen ziren akordeoi soinuaz alaiturik. Lehenago hiru egun irauten zuten inauteriek, ortzegunarekin hasi eta larunbatean bukatzen zituzten.
Gaur egun, noski, herrian neskak eta mutilak ibiltzen gara eskean, eta inauteriek bi egun irauten dituzte. Aurtengoan, otsailaren 9an eta 10ean izanen dira.
Ortziralearekin hasten dira. Herriko gazteek, goizean goizik, ostatuan elkartu eta bertako baratzuri zopa eta zenbait etxetan ematen duten zerri-puskekin gosaltzen dute eta indar nahiko hartu ondotik, baserrietara joaten dira, eskean akordeoi musikaz lagundurik.
Larunbatean, berriz, herrian aritzen dira eskean, Mardea auzotik hasi eta Urrutian akitzen dute beren bueltaxka. Eguna akitzeko, afari herrikoia antolatzen da Herriko Batzartegian eta bertara edozein herritar hurbiltzen ahal da. Musikaren laguntzaz, adio erraten diegu Arraiozko herritarrek inauteei.
Eskolan ere ospatzen dute
Eskolan ere haurrek inauteriak ospatzen dituzte. Ortziralean, mozorrotu, herriari buelta eman eta gero txokolatea hartuz akitzen dute eguna. Larunbatean, gazteak etxez etxe ibiltzen dira eta haurrek gustura hartzen dute gazteen bisita. Beraiek ere mozorrotu eta egunaz gozatzen dute.