Iraultza boltxebikearen ondareaz aritu dira Elizondoko Gaztetxean

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 5a, 07:32

Iraitz Agirre eta Eneko Compains aritu ziren Elizondoko Gaztetxean solasean.

Iraitz Agirre eta Eneko Compains izan ziren hizlari

Orain ehun urte Errusian egindako iraultza boltxebikearen ikasgaietaz aritzeko, ortziral atsean Elizondoko gaztetxean mintzaldia egin zuten. Iraitz Agirre eta Eneko Compains historiaren bilakaera errotik aldatuko zuen gertakariaz aritu ziren; Agirre ikuspegi feministatik eta Compains Euskal Herriko jokaleku politikorako gakoak eskainiz. 

 

Compainsek, bereziki, ezkerraren barnean gai hauei buruz izaten den garbizalekeriaz ohartarazi nahi izan zuen, eta oroitarazi, iraultza herriek egiten dutela, ez lau katuk. Horregatik, gehiengo herritarrak artikulatzeko gaitasunaren balioa azpimarratu zuen. Hori erranik, Leninek berak, iraultza boltxebikea sustatzeko Marxen idatziak eta ekarpen teorikoak, errealitatea eraldatzeko baliagarriak ziren neurrian erabili zituela erran zuen, ez dogma aldaezin bezala. Horren haritik, Lenindako egia beti zehatza zela aipatu zuen, eta horregatik, inguratzen gaituen errealitatea zorrotz aztertu behar dela. Leninen kasuan horren adibide aipagarrienetakoa Zer egin? liburua litzateke. Compainsen erranetan boltxebikeen bertze ikasgaietako bat «iraultza ez dela zerutik etortzen» litzateke, hau da eguneroko lan militantearekin elikatu behar dela, mikropolitika iraultzailea bultzatuz, eredu sozial, ekonomiko eta politiko desberdin bati buruz proiektu txiki, zehatz eta egingarrien bidez; hortik, jauzi handietarako, makropolitika iraultzailerako aukerak sortuko baitira. Iraultza boltxebikearen aitzineko hamarkadetan  Errusia osoan gisa guztietako egitasmoak zeuden: herri ttikiak gobernatzen zituzten sobietak barne. Halaber, iraultzak emateko momentua aprobetxatzen jakin behar dela erran zuen, baldintza objektiboak ez direla aski, ausardia ere behar dela. Leninek hori bera egin zuen 1917ko urrian Petrograden Errusia guztiko Sobietetako ordezkariak bildurik zirela gobernu burgesa kendu eta botere guztia sobietei eman ziotelarik. Halaber, politika ezinezkoaren artea dela erran zuen, eta historia herriek egiten dutela. Modu berean, Ezkerrak demokrazia birpentsatu behar duela erran zuen, demokrazia burges kapitalistak balio ez duelako. Gisa horretan, boltxebikeek Sobieten bidez instituzionalizazio berri bat egituratu zutela oroitarazi zuen, botere politiko eta ekonomikoa langileen, nekazarien eta soldaduen ordezkarien eskuetan utziz.  Akitzeko, iraultza boltxebikea gertatu eta berehala mendebaldeko potentzia kapitalisten oldarrialdiari eutsi behar izan ziotela erran zuen, eta horregatik, ezkerra nazioartean antolatzea beharrezkoa  dela argudiatu. Gaur egun botere ekonomiko-finantzieroak mundu mailakoak dira eta horiei jokatzekotan ezkerrak ere estrategia internazionalak behar dituela.

Iraitz Agirrek, bertzalde, ikuspegi feministatik iraultza boltxebikearen ekarpena zein izan zen aztertu zuen. Hasteko, 1917ko urriko iraultzaren aitzindaria urte bereko- egutegi julianoaren arabera- otsailaren 23ko grebak izan zirela erran zuen, martxoaren 8a mendebaldeko egutegian. I. mundu gerraren erdian, gizonak frontean zirela eta emazteki eta haurrak fabriketan hamar orduko lan aldietan jo eta su lanean, pobrezia eta gosea alde guztietan, “ogia eta bakea” eskatuz milaka emaztekik greba hasi zutela, egun guttiren bururako Tsarraren abdikatzea ekarriko zuena.  Ildo horretan urriko iraultza ematerakoan, sobieten gobernu berriak abenduaren hamaseian argitaratutako “emakumeen emantzipaziorako dekretua” aipatu zuen: etxeko lanak sozializatzeko baliabideak paratzen zituen (haur eskolak, jangela komunitarioak…), soldatapeko lanerako aukera irekitzen zuen, familia burgesaren desagerpena bulkatzen, batasun librea baimentzen… Horren haritik 1918an familia-kode berria idatziko zuten, historiako aitzinatuena. Horretan ezkontza zibilak, dibortzio eskubidea, homosexualitatearen despenalizazioa, seme-alaba legitimo eta ez legitimoen parekatzea, amatasunari babesa, abortu eskubidea, etxeko lan komunitarioak… ezarri eta onartzen ziren. Nolanahi ere 1936an onartuko zen familia kode berriak gibelerat pausua ekarriko zuen eta ordure artio emadako pausu aunitz trabatuko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun