Ikasketa akaberako proiektu eta lanak egiteko laguntzak emanen ditu aurten ere Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 1a, 11:04
Hirugarren urtez emanen ditu bekak Baztango Udalak. Artxiboko argazkiak

500 euroko lau laguntza emanen dira eta eskariak aurkezteko  epea otsailaren 28an akituko da

Baztango udalak Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanakegiteko diru-laguntza deialdi berria egin du. Master akaberako lanak ere onartzen dira.  Aurkeztutakoen artean 500 euroko lau laguntza emanen dira. Eskariak aurkezteko epea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete batekoa izanen da (urtarrilaren 31tik otsailaren 28ra arte hain zuzen ere, biak barne). Udaletxeko webgunean ere oinarriak eskuratzen ahalko dira eta edozein zalantzetarako, udaletxerat joaten ahal da.

 

Deialdi honen helburua da Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango etorkizunari buruzko kezka eta interesa piztea eta, beraiek egin beharreko lanak edo proiektuak, helburu horretarako egitea.Proiektuak eta lanak bakoitzaren ikasketa arlokoak izanen dira. 

Deialdi hau 13/2018 Alkatetzako Ebazpenan onartutako oinarriek arautzen dute eta udalean eskuragarri daude. 

Deialdian parte hartzeko ikasleek, eskariarekin, proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia… zehaztu daitezke. Memoria honek ikasketa akaberako proiektu eta lanaren tutorearen ongi ikusia beharko du.

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Cederna-Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun