Maiatzean hastea aurreikusten dute eta lan horiek guztiak egiteko, gehienez ere, zazpi hilabete izanen dituzte. Denbora tarte horretan distantzia luzeko ibilgailuak (trafiko astunaren %60a N121Atik ibiltzen da) A15ean barna ibiltzeko gomendioa egin dute. Edonola ere, trafikoa Belate zaharretik, hau da, NA-1210etik, bideratua izanen da. Hori posible egiteko, errepide zaharrean ere moldaketa lanak eginen dituzte.
Proiektu luzeena Belateko tuneletako balizko bazterbideei dagokiena da. Bakoitza noranzko batean eraikiko da, arrisku egoeretan ibilgailuak geldiarazteko aterabidea eskainiz. Horrela bada, lehendik dauden lauei (bi alde bakoitzean) bi horiek gehituko zaizkie. Egokitzapen horren bidez, Europako araudiaren eskariari erantzunen diote, tunelaren 500 metroko toki gehigarria eskainiz. Kasu honetan, 2.960 metrokoa izaki, azpi-egitura horrek sei behar ditu, halabeharrez. Almandozkoak, berriz, 1.210 metro dituenez, nahikoa du alde bakoitzean duen bazterbidea. Bazterbide bakoitzak 40 metro luze eta 3 metro zabal izanen ditu eta 40 metroko distantzia izanen da batetik bertzera. Era berean, larrialdi gunea eta bi su-itzalgailu ere izanen dituzte.
Likido toxikoen drainatze-sistemaren helburua, berriz, tuneleko isurketak biltzea da. Horretarako, tuneleko galtzadaren izkin batean sareta-kanala jarriko da eta bukaeran koipegabetzeko-kutxatila izanen du. Azkenik, sua jasaten duten kableak paratuko dituzte bi tuneletan. Horrela, zirkuitu elektrikoak hobetuko dituzte.
Lan horien xedea segurtasun eta hornikuntza gabeziei aurre egitea da. Horrela bada, lan horiek eginda, araudia oso-osorik betetzeko ebakuazio-tunelak baino ez lirateke faltako.