Genero beltzean esterotipoek duten indarra izan zuten mintzagai. Irati Jimenezek Zinema klasikoa hartu zuen mintzagai, batez ere Femme fatale arketipoa landu zuen, eta emakumeak zinema klasikoan duten presentziaz hitz egin zuen. Iratxe Fresnedak berriz, emakumeen papera aztertu zuen Eskandinavian sortutako serietan. Horretarako The Bron/Broen eta Forbrydelsen serietan emakumeek jokatzen dituzten rolen inguruko analisia egin zuen.
Hitzaldiaren ondotik, Erratzun segitu zuen Hilbeltzak. Eguerdian bazkaria izan zuten, arratsaldean hiru liburu eta antzerki baten aurkezpena izan ziren eta eguna akitzeko Susmagarrien gaua. Biharamunean, Anizen mendia izan dute kontakizun antzeztu baten eszenaleku eta igande arratsean, Iruritan, Hama(h)iru ate ikuskizuna eskaini dute. Honenbertzez, aste osoa iraun duen Nobela Beltzaren Astea akitutzat eman dute Baztanen.