Asteburu honetan Anizen eta heldu denean Berroetan izanen dituzte inauteriak

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 18a, 09:01
Inauterietan etxez etxe ibili direnez gain, aniztar guztiak elkartuko dira mahai-inguruan

Larunbateko bestondoa pasatzeko astirik gabe, (H)ilbeltza ekimenak antolatutako ipuin antzeztua izanen dute Anizen

Eguberrietako besta eta bestondoak pasatu berri eta hemen dira dagoeneko Anizko inauteriak. Orain artio errege ondoko asteburuan izaten baziren ere, aurten Errege eguna asteburuarekin izaki, inauteriak asteburu bat gibeleratu dira. Hori dela eta, ilbeltzaren 20an izanen dira Anizko inauteriak, eta 27an Berroetakoak.

 

Ilbeltzaren 19an, or­tziralean, Anizko eta Berroetako gazteak geldituko dira afaltzeko eta barnak berotzen hasteko, baina egun handia larunbatean, 20an, izanen da. Goizeko 9etan Anizko Mendiarte kultur elkartean elkartuko dira gosaria egiteko. Gosaria egin ondotik, mozo­rrotu eta etxez etxe ibiliko dira musikariekin batera puskak biltzen: xin­garra, xixtorra, arrau­ltzak... Bildutako puskak xaretorat bildu eta xaretoa betetakoan elkarterat eramanen dute hustera, bertan izanen baitira zenbait aniztar pusketan bildutakoarekin afaria egiteko prest.


Hondarreko urtetan bezala, aurten ere etxez etxe inauteetan parte hartu duten gazteez gain, aniztar guztiendako afaria izanen da elkartean, ondotik Salaberrirekin dantzaldi-kantaldia gauak ematen duen artio.
Ondoko larunbatean, 27an, gauza bera izanen da, baina hontakoan aniztarrak izanen dira Berroetarat joanen direnak.


Larunbateko bestondoa porrokatzeko astirik izan gabe, igandean, ilbeltzaren 21ean, (H)ilbeltza ekimenak antolatutako ipuin antzeztua izanen da Anizen goizeko 11etan. Ekimen honetarat aniztarrez gain, gainerako guztiak ere gonbidatuak daude. Itzu­liaren ondotik gosaria izanen da Mendiarte kultur elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun