Lehenbiziko saria, Arizkunen hazitako piriniar arrazako aretzea 3.116 zenbakiari egokitu zaio, baina ez zen plazan azaldu saridunik; gauza bera gertatu zen bigarren sariarekin, zerriarekin: 1.752 zenbakiari egokitu zitzaion, baina ez zen inor azaldu.
Hirugarren saria (bi bildots), 2.785 zenbakiari egoitu zitzaion eta hemen bai, sariduna azaldu zen: Iruritako Martin eta Irati Uterga aita-alabek jaso zuten; laugarren saria, urdaiazpikoa, 6.101 zenbakiari egokitu zitzaion eta Miguel Angel Navarrok lortu zuen.
Zozketa egin baino lehen, txistulariak ibili ziren karriketan, 70 litro saldarekin eta 40 ogi barrarekin prestatutako Baztanzopak banatu zituen Jose Mari Zelaietak gidatutako sukaldari taldeak eta Bittor Elizagoien ere aritu ziren kantari.
Denera, zozketa honekin 6.900 euroko boletoak saldu ditu urten Zahar Etxeak, “gero eta gutiago”. Jende aunitzik ere ez zen bildu Elizondoko plazan, euriaren eraginez.
Igandean erromeria Lesakako Endara auzoan
Lesakan, Zubietan, Goizuetan eta Erratzun ere ospatu zuten San Antongo seinalea. Lesakako Endara auzoan igandean ere segida izanen du ospakizunak, San Antongo erromeriarekin. Kgande goizean mezak izanen dira orduero (10:00, 11:00 eta 12:00), baita trikitixa doinuak, erroskila saltzaileak eta bertze hainbat kontu ere. Lesakatik eta inguruko herrietatik oinez, bizikletaz, zaldiz eta, batez ere, autoz hurbiltzeko ohitura handia izaten da. Lesakatik, mendi ibilaldia antolatu du Beti Gazte elkarteak 08:00etan plazatik abiatuta eta Buruztanka Gaztetxeak ere ibilaldia antolatu du, 09:00etan abiatuta. Ondotik, bazkaria eginen dute Arranon. Arratsaldean dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean, Laiotz taldearekin.