Etxez-etxeko zerbitzua Baztango Udalak ematen duen zerbitzu bat da eta bere eguneroko eginbeharrak aurrera eramateko zailtasunak dituzten pertsonei arreta eskaintzea du helburu.
Zerbitzuak, banakako zenbait zerbitzu eskaintzen ditu, garbitasun pertsonalean laguntza, etxeko garbiketa egiten laguntzea edo janaria prestatzen laguntzea, hau guztia pertsonak bere ingurunean ahal den ondoen txertatzeko, bere autonomia pertsonala handitzeko eta bere bizi-kalitatea hobetzen lortzen saiatzeko helburuarekin.
Baztango Udalak zerbitzu hau 1987tik eskaintzen du. Urte guzti hauetan beharrak aldatuz joan dira eta eskaintzen diren zerbitzuak handitzeko beharra ikusi dute. Horregatik, bi zerbitzu berri hauek martxan jartzea erabaki da: etxez-etxeko janari banaketa eta arropa garbitzeko zerbitzua.
Etxez-etxeko janari banaketa
Menpekotasun egoeragatik edo adinagatik, erosketak egiteko eta janaria prestatzeko zailtasuna dituzten pertsonei, eguerdiko otordua prestatua etxera eramanen zaie. Eritasunagatik dieta bereziren bat eraman behar badute ere, egoera bakoitzera egokitutako menuak eskainiko dira. Zerbitzua astelehenetik ortziralera emanen da eta menuaren kostua 5 eurokoa izanen da.
Arropa garbitzeko zerbitzua
Lehen aipatutako egoeran dauden pertsonei arropa garbitzeko zerbitzua ere eskainiko die Baztango Udalak. Beharren arabera, etxetik arropa zikina bildu eta garbia bueltatuko diete. Hilabetean lau zerbitzu eskainiko dira eta zerbitzuaren kostua 40 eurokoa izanen da. Beharren arabera, arropa astero edo hamabortzetik behin bilduko da.
Baldintzak betetzen dituzten pertsonek zerbitzua eskatu edo informazio gehiago nahi badute deitu dezatela Baztango Udalean dagoen Gizarte Zerbitzura eskaera egiteko.
Joseba Otondo, Baztango alkateak aurkezpenean aipatu zuenez, «gizarte aitzinatuetako ezaugarri nabarmenetako bat adinekoek demografikoki geroz eta gehiago duten pisua da. Baztanen adibidez, 65 urtetik goragokoak %20,5 inguru dira. Bizi-itxaropena luzatu da eta jaiotze tasa jaitsi. Hori sakoneko joera denez, ondoko urteetan 65 urtetik gorakoen portzentajea handituko da».
Biztanleriaren zahartzearekin batean, mendekotasun egoerak handituko direla eta jendarteak orokorrean baina administrazio publikoak bereziki, horri begira zerbitzu berriak eman beharko dituela aipatu zuen Otondok: «Helburua adineko jendeak ahalik eta hobekien zaintzea baita. Horretarako, azkeneko hilabeteetan udaleko gizarte zerbitzuak zaharretxearen ardura duen IDEAren laguntzarekin otordu eta garbiketa zerbitzua antolatu du. Izan ere otorduen eta arropen garbiketa zerbitzua zaharretxeko baliabideak erabiliz eskainiko baita».
Hirugarren adinekoen egoerari buruzko azterlana
Nolanahi ere adinekoen zaintzari buruz udalaren bulkaldia ez da honetarat mugatuko. Urtarrilaren hasieran, Baztanen hirugarren adineko jendeak duen egoerari buruzko azterlana egiteko kontratazio prozedura abiatu du Udalak. Azterlan honekin udalak adinekoen beharrei buruzko diagnosia izanen du eta oraingo eta etorkizuneko politikak planifikatzen ahalko ditu. Azterlan honetan oraingo zerbitzuak aztertuko ditu gabeziak eta alternatibak ikusiz; baliabide eta dotazioak kudeatzeko ereduari buruzko gogoeta eta bideragarritasunaren azterketa eta, azkenik, diagnosiak heldu direnak kontuan harturik etorkizuneko proposamenak egitea. Guzti horretarako udalak 12.000 euroko kontusaila bideratu du.
Alkatearen erranetan, «Baztango Udalak hirugarren adinekoekin lagunkoia den udalerria izateko bidea hasi du eta, horri buruz, Qpea fundazioarekin lanketa hasi du. Ekimen honen helburua hirugarren adinekoek bizitza independentea eta zahartze aktiboa izateko ingurunea egokitzea da. Horretarako osasun, parte hartze eta segurtasun arloetan aukerak hobetuz». Ekimen honetako udalak 1.800 euroko laguntza bideratu du.