Elizondoko urteko kontuak aurkeztu dituzte Errege Eguneko batzarrean

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 8a, 12:00

Hogei bat herritar bertzerik ez ziren bildu Elizondon, Errege Eguneko batzarrean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Zenbait lan garrantzitsu egitearen ondorioz 10.172,65 euroko galerekin akitu zuten 2017. urtea 

Errege Egunean egindako batzarrean 2017ko herriko kontuak aurkeztu zituzten Elizondon. Hain zuzen, 2017an 127.016,08 euroko diru sarrerak izan zituzten eta 137.188,73 euroko gastuak. Hortaz, 10.172,65 euroko galerak izan dira, zenbait lan garrantzitsu egitearen ondorioz. 2017 urte hasieran 41.795,71 euroko saldoa zuenez, gaur egun 31.623,08 euro ditu Elizondoko herriak. 

 

Hogei bat bizilagun bertzerik ez ziren agertu larunbatean batzarrera, Alazne Sansiñena alkateak eta bere kargodunek aurkeztutako kontuen berri izatera.

 

Diru sarrerak

Elizondoko bizilagunek ordaintzen duten kuotaren bidez izan ziren diru-sarrera handienak, 37.545,54 euro. Bestetan 28.453 euro bildu ziren, gehien bat programako publizitatearen (11.160) eta zikiro-jateko txartelen salmentarekin (11.800) euro lortutakoak. Udazkeneko ferietako salmenta postuen tasen bidez 25.146 euro bildu ziren eta Balleko Etxeak herri guztiei ematen dien urteko diru-kopuruan, Elizondok 10.931 euro ja1so zituen (bizilagun bakoitzeko 3 euro). Errentengatik 4.440,79 euro, Orakunden 4.647,40 euro, inauterietan 1.240 euro eta Txokotoko bestetako bazkarian 795 euro bildu ziren.

 

Gastuak

Balleko Etxeari elkarlanerako emandako 35.298,59 euroak dira gasturik handienak eta horrek eragiten du defizita. Iriarte pilotalekuari estaldura emateko erabili zen zatirik handiena eta horri esker, frontoiaren erabilera ere aunitz igo da. Horretaz gain, Foruen Plazako kiosko berriari baranda egiteko ere bideratu da diru zati bat. Santiago besten antolaketan 51.004,28 euro erabili dira, Txokotoko bestetan 6.340,74 euro, mantenu-lanetan 3.296,45 euro (mendiko plantazioetan garbitze-lanak, erraldoi eta buruhandiak, Herriko Etxean lanak…), Udazkeneko ferien antolaketan 2.769,97 euro, Orakunde eguneko haurren ospakizuna antolatzeko 5.9991,76 euro eta 600 euroko dirulaguntza Beartzun auzoko bestetarako.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun