Baztandarren Biltzarrak aitzinera segitzeko babesa jaso du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko urt. 2a, 11:56

Arizkuneneako sabaia jendetza bildu zen, Baztandarren Biltzarrari sustengua emateko prest. Argazkia: Juan Mari Ondikol

150 bat lagun bildu ziren abenduaren 29an deitutako bileran eta lanerako borondatea erakutsi dute aunitzek

Baztandarren Biltzarrarentzat hil ala bizikotzat jo zuten abenduaren 29rako deitutako bilera eta baztandarrek erantzun bikaina eman diote, ospakizunari segida eman nahi diotela erakutsiz. 150 bat lagun bildu ziren Arizkunenea Kultur Etxeko sabaian eta ardurak hartzeko prest ere azaldu zen jendea.

 

Baztandik ez ezik, kanpoko kultur eta folklore taldeek ere ospakizuna eta elkarteari babesa emateko prest azaldu dela aipatu zuen Maite Dendarieta batzordeko ordezkariak. Beraz, badirudi jendea ez dagoela Baztandarren Biltzarra desagertzen uzteko prest eta orai Baztanen herriz herri ibili nahi dute babes eta laguntza bila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun