Aurkezpen saioa ortzegun arratsaldean egin zen Balleko Etxeko ekitaldi-aretoan, eta, haren irekieran, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusi Eva Garcíak eta Baztango alkate Joseba Otondok hartu zuten parte. Arratsaldean zehar, parte hartu zuten Nafarroako Gobernuko teknikariek, GAN-NIK enpresa publikoko teknikariek, Udaleko teknikariek eta Tesicnor SL enpresa nafarreko teknikariek —enpresa horrek diseinatu du SMS-abisuen sistema—. H2OGurea proiektuaren ezaugarriak, Bidasoako uholde-arriskuaren kudeaketa-plana eta uholde-arriskuari aurre egiteko Baztango Udalaren larrialdi-plana azaldu zituzten.
Uholde Arrisku Potentzial Esanguratsudun Areetako bat da Elizondo. Planteatu diren neurriak Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Espainiako zatiko Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planean daude (2015-2021), bai eta Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Foru Komunitatearen Larrialdi Plan Berezian ere.
2013an, "Baztan ibaiak gainezka eginez gero Baztango Udalaren Ekintza Plana" onartu zuen Baztango Udalak. Udal eskumeneko plan hori ibaiaren mailaren eta plubiometriaren araberako abisuetan egituratzen da, eta larrialdi-fase bakoitza sekuentzialki aktibatzea proposatzen du: 0. egoera (aurrelarrialdia), 1. egoera (1. mailako larrialdia), 2. egoera (2. mailako larrialdia) eta 3. egoera (3. mailako larrialdia). Larrialdi-fase bakoitzerako, Udalak zer neurri hartu behar dituen ezartzen du Planak, eta aholkuak ematen dizkie herritarrei. 2017an, eguneratu egin da Plan hori, Auza mendian (Iñarbegi) dagoen estazio berriak ematen dituen datuak eta 2015ean eraikitako Erratzuko ur-emaria neurtzeko estazioaren emari-datua bildu baitira.
Oraingoan, lehen aldiz, Nafarroako Gobernuak, GAN-NIKen bitartez, aplikazio bat garatzea eta ezartzea ere finantzatu du. Aplikazio horrek, batetik, uholde-gertaerak kudeatzea errazten dio Udalari, eta, zer larrialdi-mailatan dagoen, horren arabera zer neurri hartu behar dituen adierazten dio; eta, bestetik, abisuzko SMS-mezuak bidaltzen dizkie "Lamia" sistemaren bidez alta eman duten herritarrei.
Prestaketa-neurri horiek babes-neurrien osagarri dira —horiek ere aurkeztu ditu Gobernuak—: Menditurri karrikan (Giltxaurdi meandroaren parean) dagoen hormari garaiera handiagoa ematea, urak ez dezan auzoa hartu eskuinaldetik gainezka egiteagatik, eta Jaime Urrutia karrikako merkatariei eta herritarrei beren burua babesteko barrerak ematea.
Aitzinerago, zenbait barrera desmuntagarri emanen dira, norberaren burua babesteko sistema gisa, uholde-kasuetan urak sarrien hartzen dituen atari eta saltokietako zirrikituetan jartzeko. Konporta horiek luzagarriak dira, eta establezimenduetako eta atarietako zirrikituak eta ateak estaliko dituzte; erraz eta azkar instala eta desmunta daitezke, eta maneiagarriak eta erraz gordetzeko modukoak dira, jabeek azkar muntatu behar izanen baitituzte.