Etxez etxeko ibilbidea Bentatik hasten da: olentzeroren kantua kantatu eta etxe bakoitzean jana eta edana eskaintzen da. Haurrak diren etxeetan gainera, Olentzerok erregelu ttipi bat ekartzen die aniztarrei. Hondarreko etxea Askagain izaten da, 20:30ak aldera ailegatzen dira bertara, hiru ordu pasa etxez etxe ibili ondotik, norbera bere etxera joaten da, familia artean afaria egin, eta olentzeroren erregeluak jasotzera.
Abenduaren 31n, urtea elkarrekin akitzeko, elkartean afaria izaten dute zenbait aniztarrek.
Urtea elkarrekin akitu, eta berria elkarrekin hasi. Ilbeltzaren 1ean, URTETX egunean, urtetxak biltzen ibiltzen dira aniztarrak, hontakoan ere etxez etxe. Goizeko 10:30ean izaten izaten da hitzordua, haur bakoitzak soinean mandar gisako bat izaten du sakel handi batekin urtetxak sartzeko. Etxez etxe joaterakoan urtetxen kantua kantatu eta etxekoandre edo etxekogizonak urtetxak botatzen ditu: mandarinak, giltxaurrak.... haurrek lurretik hartzen dituzte etxekoandre edo etxekogizonak botatako urtetxak eta soinean daramaten mandarrean sartzen dituzte.
Eguerdi aldera, etxe guztietan kantatu eta urtetxak bildu ondotik, norbera bere etxerat joaten da.
Honakoa da Anizen urtetxetan kantatzen den kanta:
Urte berri berri
zer dakarrazu berri
uraren gainean
bakea ta osasuna
urtetx, urtetx
urtetxak behar tugu.
Urte xahar
nik atorra xahar
maunkarik ez
nik axolarik ez
Aingeruak gara
zerutik heldu gara
boltsa badugu
dirurikan ez dugu
Urtetx, urtetx
urtetxak behar tugu
Xori xori landa
xoria konpainia
etxe hontako etxekoandrea
leihoan balego
leihoan balego
ateak eta leihoak ereki
eta bota urtetxak!