Uholde arriskuari aurre egiteko Baztango Udalaren larrialditarako plana aurkeztuko dute abenduaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 19a, 07:27

Uholde arriskuari aurre egiteko larrialdi plana aurkeztuko dute Balleko Etxean.

Ortzegunean 19:00etatik 21:00etara Balleko Etxeko Batzar Nagusiaren aretoan 

H2Ogurea proiektuaren barnean dagoen Baztango Udalaren Uholdetarako Ekintza Plana aurkezteko informazio jardunaldia antolatu dute abenduaren 21ean, ortzegunean 19:00etatik 21:00etara Balleko Etxean.

 

Baztango Udalaren izenean ongietorria eginen du Joseba Otondo alkateak. Ondotik, Eva Garcia Balaguer, Nafarroako Gobernuko Ingurumen saileko zuzendari nagusiaren hitzak etorriko dira. GAN-NIK Sozietate Publikoko Uraren alorreko Luis Sanz Azkaratek H2Ogurea proiektuaren laburpena eginen du. Hain zuzen, H2Ogura mugaz gaindiko proiektuak koordinaziopean kudeatu nahi ditu mugaz gaindiko ibaiak: Baztan-Bidasoa, Urdazuri eta Urumea. Proiektuak FEDER finantza-tresnaren laguntza jaso du eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko departamentuak proiektua aurkeztu zuen, GAN-NIK Sozietate Publikoaren bitartez.

Bidasoko uholde arriskua kudeatzeko Planaren oroigarria eginen du Cesar Perez Martin, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko ordezkariak, argibideak emanez eta zalantzak argituz.

Segidan, Uholde Arriskuari Larrialditarako Baztango Udal Planaren berri emanen dute. Nekane Vizcay Urrutia, Nafarroako Gobernuko Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Ataleko ordezkariak eginen ditu moderatzaile lanak. Lamiak prestatutako Uholdeetako larrialdi planen kudeatzailearen aurkezpena eginen dute Mikel Ortega Arraztoa Baztango Udaleko lehen alkateaordeak eta Tesicnor S.L.-ko Santoago Pangua Cerrillok eta David Gonzalez Oyonek. Bertze proposamen batzuen berri ere emanen du Amaya Ruiz Irurita, Nafarroako Gobernuko Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoko kideak.

Akitzeko, jardunaldien itxiera eginen dute, Maria Isabel Anaut Peña, Nafarroako Gobernuko Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariaren eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun