Loizu udal hiltegiko zatiketa zerbitzua aurkeztu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 15a, 14:16

Loizuko hiltegiko zatikatze-gela berria aurkeztu duten Baztango alkate eta zinegotziak, bertako langilearekin.

105.829 euroko inbertsioa egin du eta hemendik aitzinerat Baztan, Malerreka, Bortziriak eta bertze inguruetako herritarrek hiltegi zerbitzu osoa izanen dute

Azaroko udaleko ohiko osoko bilkuran Loizu udal hiltegiko zatiketa zerbitzuko prezio publikoak onartu ondotik, hildako aziendak puskatzeko zerbitzua abian da. Modu horretan 2014an hasitako proiektua bururatu eta hemendik aitzinerat Baztan, Malerreka, Bortziriak eta bertze inguruetako herritarrek hiltegi zerbitzu osoa izanen dute. 

 

 

Udalak denera 105.829 euroko inbertsioa egin du, bi alditan: lehenengoan 2014. urtean instalakuntza berriaren eraikuntza 82.829 euroko inbertsioarekin (Europako Leader programatik 32.000 eurorekin diruz lagundua). Bigarrena aurten, azienda hila sartzeko erraiaren moldaketa, motordun garabi ttikia paratzea… denera 23.100 euroko inbertsioarekin. Modu berean, hiltegiaren kudeatzaileak 22.000 euroko inbertsioa egin du, kasu honetan hutsean ontziratzeko makina, haragi zerrak egitekoa eta haragia xehatzekoa erosteko. 

Hiltegian zatitze zerbitzua paratzeko erabakia 2011-2015 legealdian hartu zen hiltegiari buruz gogoetatzeko antolatutako foroetan. Zerbitzua  herritarrei orokorrean eta salmenta zuzenean aritu nahi duten nekazariei bideratua dago, baita harakinei ere. Zerbitzu honek, aldi berean, hiltegiarendako lan-berria suposatuko du eta, beharbada, errefortzuko lanposturen bat.

 

Prezioak

Azaroko osoko bilkuran behin-behinean onartutako zatiketa zerbitzuaren prezioak hauek dira:

Aratxeki-behiki zatiketa, pisua kanalean 270 kilokoa edo guttiagokoa bada 0,50 euro kiloa

Aratxeki-behiki zatiketa, kanaleko pisua 270 kilo baino gehiagokoa bada 0,45 euro kiloa

Aratxeki-behikiaren ontziratzea (ontziragailuaren erabilera) 20 euro buruko

Aratxeki-behikiaren hustuketa 0,30 euro kiloa

Aratxeki-behikiaren ontziratzea 0,36 euro kiloa

Ardikiaren zatitzea 0,80 euro kiloa

Bildotski edo pittikiaren zatitzea euro bat kiloa

Ardikiaren kanala bitan zatitzea euro bat kiloa

Zerrikiaren zatitzea, kanaleko pisua 160 kilo eta guttiagokoa bada 0,30 euro kiloa

Zerrikiaren zatitzea, kanaleko pisua 160 kilo baino gehiagokoa bada 0,25 euro kiloa

Zerrikumearen kanala bitan zatitzea euro bat kiloa

Zerrikumea ontziratzea 0,50 euro kiloa

 

2016ko udan hiltegiaren kudeaketa berria esleitu zen, udaleko gehiengoak, kudeaketa ez zuzena egitea erabaki baitzuen. Geroztik, Baztango Hiltegia S.L.k kudeatzen du. Gaur egun bortz langile lanean ari dira.

Baztango Udalarendako Loizu hiltegia tokiko garapen sozioekonomikorako estrategikoa da. Hori dela eta gaurgero zahartzen ari diren instalakuntzen berritzean segitzeko konpromisoa du. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun