Baztango Gorriek taldea bailarako ikastetxe ezberdinekin lanean ari da “Gela Gorritxoa” proiektua martxan jartzeko bertako neska mutilei kluba ezagutzera emateko. Horrez gain denboraldian zehar Sadar futbol zelaia ezagutzeko 10 sarrera bikoitz banatuko dituzte bazkide ez diren pertsonen artean eta futbol zelaia ezagutu nahi dutenen artean. Sarrera hauek “Osasuna zure herrian” programaren bidez jasoko dira, Baztango Udala “Osasunazalea” delako. Ohikoa denez, Baztango Gorriek peñaren pankarta Sadarren izango da eta, era berean, aurten peñaren Twitter kontua ireki berri dute, @BaztangoGorriek izenekoa, bazkide eta zale guztiek peñaren jardueren berri izan eta Osasuna futbol taldearen berri izan dezaten. Denboraldi honetarako lantzen ari diren ekimenen artean, abuztuan jokatuko den neska mutilen futbol plaza txapelketa dago. Horrez gain, ttikiekin Sadar ezagutzeko autobusa paratuko da, bisita gidatua egiteko. Azken bi ekimen hauek Baztango Udala eta Osasuna Fundazioaren laguntzaz eginen dira. Baztango Gorriek Peñaren helburua azken urteotan baztandarren artean Osasunaren aldeko futbol zaletasuna bultzatzea izan da eta horretarako ekimenez betetako egutegia aurkeztu dute denboraldi honetarako.
Sariak eta oroigarriak
Peñakideek urtero bi oroigarri eskainiko dituzte, bat denboraldi amaieran lehen taldean jokatzen duten harrobiko jokalarientzat eta bigarrena Osasunaren alde lan egin duten pertsona edo taldeentzat. Azken oroigarri hau urtero abenduaren 3an peñaren egunean emanen dute. Aipatu bezala, aurten sari hori Angel Etxeberria bazkideen defendatzaile ohiari eman zaio. Berak, Osasunako bazkideei ahotsa eman zien. Aitzinetik, batez ere Archanco eta Izcoren garaian, ez zieten kasurik egiten. Etxeberriak bide hau ireki zuen, bazkidearenganako hurbiltasuna eta iritzia ematea erraztuz. Azkenik azpimarratu behar da Baztango Gorriek Peña osatzen duten kideek jendea animatzen dutela peñakide izatera, handitzen segitzeko eta Baztanen Osasunaren aldeko zaletasuna bultzatzen segitu ahal izateko.