Baztandarren Biltzarra besta kolokan dagoela ohartarazi dute

Ttipi-Ttapa 2017ko abenduaren 1a

Abenduaren 29ko bileraren garrantzia azpimarratu dute Baztandarren Biltzarrako kideek. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Abenduaren 29an baztandar guztiei zuzendutako bilera eginen dute eta behar adina kide berri hurbiltzen ez badira, ez da bestarik eginen

Baztandarren Biltzarra elkartea hausnarketa urtean dago. Duela hilabete batzuk aipatu zituzten zailtasunei bertze arazo potolo bat gehitu beharra diote orai: «orain arte ginen kide kopuruarekin nahiko larri ibiltzen ginen besta aitzinerat ateratzeko; honekin ez aski, azken hilabeteetan kide kopurua jautsi egin da. Hortaz eta egoera  sakonki aztertuta, kide berriak sartzea ezinbertzekoa da». Honi konponbidea bilatzeko, abenduaren 29rako baztandar guztiei zuzendutako bilera bat deitu dute. Bilera Arizkuneneako sabaian izanen da, ortziralean 20:30ean.

 

Egun horretarako behar adina kide hurbiltzen ez badira, erabaki argia du Baztandarren Biltzarra elkarteak: Ez da Baztandarren Biltzarra besta eginen. Bitartean, elkarteko kideekin harremanean jartzeko bide eta modu ezberdinak erabil daitezke: elkarteko kideengana hurbildu, baztandarrenbiltzarra@hotmail.com helbidera mezu bat idatzi, facebooka, abenduaren 29ko bilera… Atea denendako irekita dagoela azpimarratzen du Baztandarren Biltzarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun