Eguerdian Fernando Anbustegi kazetari eta ipuin-kontalariaren emanaldia izanen da, eta etxeko ttikienek, superlagunaren eskutik, gozamenerako tartea izanen dute.
Arratsaldean, berriz, 'Nigan, ispilu batean bezala' errezitaldi musikatua eta performatua izanen da, Petti eta Irati Jimenezen eskutik. Ispilua aitzakia hartuz, literaturari, idazleei eta idazteari buruzko gogoeta umoretsu, ironiko eta gaiztoa eskaintzen duena.
Petti Beran sortutako abeslari eta gitarrajolea da, musikagintzan lan handia eginikoa. Bertzeak bertze, rock, folk-rock, post-rock, rhythm and blues eta country-arenak estiloan eginiko lanengatik da ezagun. Batik bat bakarka ibiliagatik, hainbat kolaborazio egin izan ditu. Erraterako, Anari, Txuma Murugarren, Barrence Withfield edota Rafa Ruedarekin. 'Nigan, ispilu batean bezala' ez da idazle batekin elkarlanean sortu duen lehen ikuskizuna. Aitzinetik, 2013an, Harkaitz Canorekin eta Joxan Goikoetxea musikariarekin plazaratu baitzuen Ilargiaren alde erantzian izeneko emankizuna.
Irati Jimenez, berriz, kazetaria eta idazlea da. Kazetari gisa prentsa idatzian, irratigintzan eta telebistan trebatu da. Halere, egun, interneteko aholkulari gisa jarduten duen, Gara egunkarian, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. 2006an, 'Bat, bi, Manchester' izeneko bere lehen eleberriak Augustin Zubikarai saria irabazi zituen. Ordutik bertze hainbat narrazio eta saiakera ere argitaratu ditu.