Baztanen bertze pediatra bat jarriko dute, orain arteko gabeziari aurre egiteko

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 27a, 09:17
Ehun lagunetik goiti bildu ziren Elizondoko Osasun Etxearen parean

Ehun lagun baino gehiago elkartu ziren bailaran pediatra gabe zeudela salatzeko. Hori horrela, gabeziari aurre egiteko, bertze pediatra bat jarriko dute. Badirudi, arazoaren muina estatu mailan, pediatrian espezialitatean, dagoen mediku urritasuna dela.

Azaroaren 24an, ortziralean, 11:00etan, Elizondoko Osasun Etxearen parean, ehun guraso baino gehiago bildu ziren pediatrarik gabe zeudela salatzeko. Izan ere, bi aste eta erdi zeramatzaten pediatrarik gabe, espezialista bakar batek egunean hiru orduz eskainiriko arreta zerbitzua baino ez zutelarik.  Arratsaldean, berriz, arazoaren berri emateko, Baztango Udaleko alkatearekin, Joseba Otondorekin, bildu ziren.

 

1.400 familiari arreta-zerbitzua eskaintzeko espezialista bakar bat, eta hiru orduz baino ez, izateak dakartzan laguntza, ardura eta zaintza gabeziak jasangaitzak direla adierazi dute herritarrek. Otsailera bitarte, Elizondoko Osasun Etxeko pediatra lanaldi osoan ari zen. Alabaina, horrek, lekualdatzea eskatu zuen. Orain, 8:00etatik 11:00etara baino ez dute, ondotik, pediatra Ultzamara joaten baita.

Orain artean gurasoek, beren kexak Nafarroako Gobernura bideratu dituzte, eta jasotako erantzun bakarra pediatria espezialistetan gabeziak daudela izan da. Aitzitik, bataz bertze, 800 haurren arretarako pediatra bat izan ohi dela aintzat hartuz, eta Baztanen 1.400 inguru direnez gero, bi pediatren beharra adierazi zuten: bat lanaldi osorako, eta bertzea, lanaldi erdian aritzeko.

Hori horrela, Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Osasunbideak, Baztan eta Ultzamarako, zehazki, Elizondo eta Larraintzarko Osasun Etxeetarako, pediatra bat paratu du, 2017ko Enplegu Publikoko Eskaintzan eskainiriko mediku lanpostuarekin batera.

Hala, 8:00etatik 11:00etara bitarte pediatra bat, 11:00etatik 13:00etara bitarte enfermeria zerbitzua eta behar izatekotan, mediku arreta eta 13etatik 15:30era pediatrian eskarmentu handia duen medikua izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun