Donaixtiko Eztigar kooperatiba bisitatu du baztandar talde batek

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 6a, 07:20

Donaixtiko Eztigar kooperatiba bixitatu zuten baztandarrek.

Jo ala jo taldeak eta Hazitik Hoziek antolatuta, azaroaren 4an 

Nekazaritza errenten dibertsifikazioaz interesaturik Jo ala Jo eta Hazitik Hoziek antolaturik larunbatean baztandar talde batek Donaixtiko Eztigar kooperatiba bisitatu zuen. Orain hogeita hamar urte sortutako proiektuak Ipar Euskal Herriko sagar ekoizleen sagarrekin sagarno, sagar-zuku, sagar-ozpin, konpota eta gelatina egiten du eta tokiko ekonomia indartzeko baliabide garrantzitsua da.

 

Marie Askona kooperatibako kudeatzaileak aipatu zuenez proiektuak hiru hanka ditu. Alde batetik sagarren eraldaketaz arduratzen den Segida S.A.R.L dago, bertzetik Eztigar kooperatiba eta, azkenik, Sagartzea elkartea. Lehendabiziko pausuak Sagartzea elkarteak eman zituen eta Ipar Euskal Herrian arrunt desagerturik ziren sagarrondoak eta sagarraren kultura berreskuratzen hasi zen. Hogeita hamar kide inguru zituen elkarteak 12.000 sagarrondo landatu zituen eta sagarrak ematen hasi zirelarik horiekin sagardoa eta sagar-zukua egiten hasi ziren. Momentu horretan kooperatiba sortu zuten.

Alta, kooperatiba bolondres lanean oinarritzen zenez ez zen behar zuen bezain eraginkorra eta orain zazpi urte kooperatibako zazpi kidek eta Eztigarrek Segida S.A.R.L sortu zuten, Eztigarreko kideen sagarrak erosi eta produktu desberdinak elaboratzen dituena. Segidak hiru lanpostu eta erdi sortu ditu, 100.000 litro sagardo eta sagar-zuku egiten du eta urtero 300.000 euroko negozio bolumena du. Halaber, sagarraren kiloa 25-26 zentimotan ordaintzen du eta nekazal errenten dibertsifikazioarako baliagarria da; gainera, Baxe-Nafarroako barnealdean lanpostuak sortzeko balio izan du. Segidak bertako sagar barietateekin bakarrik lana egiten du eta laneko behar dituen langile guztiak ahalik hurbilenekoak izaten saiatzen da. Modu berean produkzio guztia Ipar Euskal Herrian saltzen dute, nahiz kanporat esportatzeko eskaintza bat baino gehiago izan duten. Sagardi guztiak ekologikoan ari dira nahiz denek ez duten ziurtagiria. Marie Askonak jakinarazi zuenez Segidak ekoizten dituen Eztigar produktuen oraingo kalitate mailarat ailegatzeko lan handia egin behar izan dute eta aunitz ikasi ere bai. Esperientziak erakutsi die proiektu kooperatiboak modu profesionalean kudeatu behar direla eta bolondres lana egiten ari denaren osagarria behar duela izan, ez oinarria. 

Segidako kudeatzaileak proiektuari buruzko argibideetan instalakuntzak Donaixtiko udalarenak direla aipatu zuen eta beraiek alokairuan daudela. Kooperatibak edo Segidak inbertsio guztia egin behar izatera proiektu ez zela inondik bideragarria izanen aitortu zuen. 

Donaixitirat egindako bisita iaz Hazitik Hoziek Irunberriko Josenea belar aromatiko eta medizinalean enpresa sozialerat egindako bisitaldiaren segida da. Bisitaldi hauen helburua Baztango garapen sozioekonomikorako proiektu interesgarriak ikustea eta horietaz ikastea da. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun