Aire zabaleko pintura lehiaketa Joxe Mari Apezetxearen omenez eginen dute azaroaren 5ean Erratzun

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 3a, 07:29

Joxe Mari Apezetxea zena gogoratuko dute bere sorterrian eginen den margo lehiaketan.

Elizondoko Kasinok antolatu du bere sorterrian igandean

Elizondoko Kasinok urtero antolatzen duen aire zabaleko pintura lehiaketak, aurten, Erratzuko margolari haundia izanen du gogoan. Horregatik, hain zuzen, lehiaketa Joxe Mari Apezetxea margolariaren sorterrian eginen dute, Erratzun, azaroaren 5ean.

 

16 urtetik goitiko margolari afizionatu guztiek parte hartzen ahal izanen dute, eta gaia Erratzu izanen da: Erratzuko paisaiak, txokoak, eraikinak... Parte-hartzaileek eraman beharko dituzte behar dituzten materialak, eta lienzoak edo mihiseak ezin izanen dute 100 zentimetro baino haundiagoak izan. Parte hartu ahal izateko igandean 08:30etik 10:00etara Elizondoko Kasinotik pasatu beharko dute mihiseak zigilatzeko.

Izen-ematea egunean berean egiten ahal izanen da, baina bazkarira lagunen batekin joan nahi duenak aitzinetik eman beharko du izena: j.sanz@hotmail.com helbidera idatzita edo 636 974298 telefonora deituz. Egindako lanak Kasinon aurkeztu beharko dituzte margolariek, 14:30 baino lehen.

Dagoeneko ohitura bihurtua den bazkariaren ondotik, 17:00etan bilduko da epai-mahaia, sarituak erabaki eta sari banaketa egiteko. Irabazleari 800 euroko saria emanen diote, bigarrenari, berriz, 400 eurokoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun