Pantailen erabilera egokia eta joku patologikoen prebentzioaren inguruko gurasoentzako tailerra eginen dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 3a, 10:13
Joku patologikoen eragina jasan duen baten testigantza entzuteko eta horren inguruan hausnartzeko aukera izanen dute tailerraren azken saioan.

Aralar elkartearen eskutik, azaroaren 14, 21 eta 28an Arizkunenean

Azaroaren 14an, 21ean eta 28an, Aralar Elkartearen eskutik, joku patologikoaren prebentzioa eta pantailen erabilera egokirako tailerra izanen da Arizkunenean. 17:00etatik 18:30era bitarteko saio horiek 12-18 urte dituzten gazteen gurasoei zuzenduak izanen dira. Izena emateko 665 802545 zenbakira whatsappa bidali, asociaciónaralarsvd@gmail.com helbidera idatzi edo ondoko formularioa bete behar da: https://goo.gl/forms/btB2BXZGsatlUTfk1

 

Garai digitalean sare sozialek eta, oro har, internetak (apostuek...) duen indarra izugarria da. Baliabideok arront praktikoak eta eraginkorrak izan daitezke, baina horretarako, erabilera egokia egin behar denez, komeni da ezagutza minimo batzuk geureganatzea. Hori horrela, ondoko ildoak jorratuko dira hiru saioetan:

Azaroaren 7an, Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) eta joku patologikoen berri izateko teoria eta kontzeptu batzuen berri emanen dute. Halaber, gazteei horrenbertze gustatzea zerk eragiten duen ere izanen dute mintzagai.

Azaroaren 14an, familiak IKTen erabilera egokia bermatzeko egin dezakeenaz solastatuko dute. Era berean, komunikazioak izan dezakeen indarra role-playing bidez ikusaraziko dute.

Azkenik, azaroaren 21ean, joku patologikoen eragina jasan duen baten testigantza entzuteko eta horren inguruan hausnartzeko aukera izanen dute. Akitzeko, hiru saioen ondorioei eta balorazio orokorrari eginen diete tarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun