Kataluniako burujabetza prozesuaz eta Euskal Herriko egoeraz aritu ziren urriaren 25ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 26a, 13:00
Pernando Barrena (Sortu) eta Josep Casafont (CUP) izan dira hizlari Arizkunenean, Jon Elizetxek gidatutako saioan.

CUPeko Josep Casafont eta Sortuko Pernando Barrena aritu ziren solasean 

Kataluniako burujabetza prozesuari buruz aritzeko urriaren 25ean, asteazken gauean Elizondoko Arizkunenea kultur etxean mahai-ingurua egin zen. Baztango Sortuk antolatuta Josep Casafont CUPeko Navàseko alkateordea eta Pernando Barrena Sortuko kidea “Zer gertatzen ari da Katalunian? Eta zer Euskal Herrian?” gaia ardatz hartuta elean aritu ziren.  

 

Casafontek Espainikako Estatuak konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko hartutako erabakiari buruz eta horren aitzinean Kataluniako gobernuak independentzia aldarrikatuz erantzunen ote dion ez zuen argitu ahal izan. Erabakia Puigdemont Kataluniako president-aren inguru hurbilenak hartuko duela nabarmendu eta salatu zuen. Nolanahi ere, Navàseko hautetsiak aukera bakarra independentziaren aldarrikapena dela argi eta garbi utzi zuen, Europa mugitzekotan, ondotik bakarrik mugituko dela. Bertzalde, prozesuaren izaera herritarra azpimarratu zuen eta Estatuak 155. artikulua abiaraziz gero herritarren desobedientzia orokorrarekin erantzunen diotela. Bertzalde Casafontek Urriaren 1eko galdeketa urrats kualitatiboa izan zela azpimarratu zuen, herritarren erantzunak Espainiako estatuaren oldarraldia eta Puigdemont Kataluniako lehendakariaren PdCat alderdiaren barnean egon zitezkeen joku bikoitzak gainezkatu baitzituen. 

Bertzalde, Pernando Barrenak Kataluniako prozesuak Euskal Herriari buruz aukera lehioa irekitzen duela erran zuen. Espainiako Estatuaren aldetik inboluzioa aurreikusten dela eta EAE eta Nafarroako autonomien oinarrian dauden kontzertu eta itun ekonomikoa kinkan daudela. Barrenaren iritziz, horrek, EAJ bezala autonomismoan kokatzen diren Euskal Herriko indar politikoak hautu berria egitera behartzen ahal ditu eta, hortik, burujabetzaren aldeko gehiengo sozial zabala antolatzen ahalko litzatekeela. Ildo horretan, ezkerreko soberanismoaren lana espazio autonomista hori aldiro galdezkatzea eta hautabide berria egitera behartzea dela aipatu zuen, ez baita ulertzen ahal Kataluniari buruz PP eta PSOE jokatzen ari diren bezala jokatuta EAJ beraiekin segitzea. 

Bai Casafontek baita Barrenak ere Katalunia eta Euskal Herriaren burujabetza herritar arrunten bizi baldintzak hobetzeko aukera direla aipatu zuten, Estatu justuago eta demokratioagoak eraikitzeko aukerak. 

Mahai-inguruan Mireia Boia CUPeko parlamentariak parte hartuko zuela iragarria bazegoen ere, egun hauetako Kataluniako parlamentuko agendarengatik ez zen etorri ahal izan eta bere ordez Casafont aritu zen. Betiere, saioa akitu baino lehen CaixaBanketik sosak ateratzeko abiatu den ekimenari buruz aritzeko azaroaren 6an Elizondoko Arizkunenean atsaldeko 7:30ean bilkura irekia eginen dela jakinarazi zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun