‘Txistulari’ aldizkariak argitara eman du Larraldetarrek Baztango sagar eta soka dantzen inguruan egindako ikerketa lana

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko urr. 6a, 07:10
Joseba Otondo Baztango alkatea, Patxi Larralde, Jose Inazio Ansorena eta Javier Larralde, aurkezpenean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Balleko txistulari eta dantzarien oroitzapenak berreskuratzeaz gain, garai batean erabiltzen ziren doinuak eta dantzarako pausuak berreskuratu dituzte Arizkungo aita-semeek

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak argitaratzen duen ‘Txistulari’ aldizkarian bildu da Arizkungo Javier eta Patxi Larralde aita-semeek egindako ikerketa-lana, Baztango sagar dantzen eta soka dantzen inguruan. Berreskuratutako piezak ere argitaratu dira. 

 

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte bete ditu irailaren 20an, eta urte hauetan guztietan, etengabeko lanean aritu da, txistua bultzatu eta aberastuz. Egiteko horretan, dudarik gabe, garrantzia handia dauka elkarteak urtean lau aldiz argitaratzen duen Txistulari aldizkariak, gure ondare musikala jaso eta zabaltzen baitu, txisturako idatzitako musikak nahiz txistuaren inguruko artikuluak argitara emanez.

Hain zuzen, azken alean bildu da, zorroztasunez eta maitasun handiz Javier eta Patxi Larralde aita-semeek urteetan zehar egindako ikerketa lana, Baztango sagar eta soka dantzak biltzen dituena. Bailarako txistulari eta dantzarien oroitzapenak berreskuratzeaz gain, garai batean erabiltzen ziren doinuak eta dantzarako pausuak berreskuratu dituzte, eta kasu batzuetan, zintzotasunez berridatzi, urteen poderioz sortutako erabilera eta trataera traketsak eragindako akatsak ezabatuz.

Lan horren emaitza da Txistulari aldizkariaren ale berezi honetan bildu dena. Berezia, ikaragarrizko lana biltzen duelako, eta hori guztia bildu ahal izateko, hain zuzen, ale bikoitza argitaratu delako.

Urriaren 5ean aurkeztu zuten Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, eta bertan izan ziren Joseba Otondo, Baztango alkatea; Jose Inazio Ansorena, Donostiako Txistulari Bandako zuzendaria eta txistulari aski ezaguna; Javier eta Patxi Larralde, Arizkungo aita-semeak eta Baztango txistulariak; eta Jo ala Jo elkarteko eta Baztandarrak dantza eskolako txistulari eta sagar dantzariak. Alkatea harro agertu zen bailarako herritarrek bertako altxorra berreskuratu eta jasotzeko egindako lanagatik, eta «belaunaldiz belaunaldi transmititu eta paperean ez ezik, bizirik mantentzeko egindako lana» goraipatu zuen.

Jose Inazio Ansorenak hartu zuen gero hitza, hain zuzen, Larraldetarrak aurkezteko, eta azpimarratu zuen Patxik urteak daramatzala, Baztango herri musika gordetzeko lanean: «Patxik deituretan Ustariz, Jaurena eta Zaldua ditu, agote eta txistulari ildo zaharrekoa da beraz, hainbat bidetatik. Agian horregatik gaztetatik sentitu zuen Baztango herri musikaren garra erraietan eta bete-betean jardun du bera gozatzen, aztertzen eta ongi gordetzen». Era berean, nabarmendu zuen «ahaztuta eta galduta zeuden Soka dantza eta Sagar dantza hainbaten haria berreskuratu» izanaren garrantzia; «Baztan bailarak bazuen arlo honetan herri kulturaren altxor baliotsua, herdoildu eta eroria. Zaharberrikuntza honen bitartez berezko distira agerian geratzen da berriro».

Patxi Larraldek, bertzalde, argitu zuen aitak, Javierrek, 60eko hamarkadaren bukaeran abiatu zuela ikerketa lan hau, dantza hauek ia guztiz galduta zeudela, eta bera 80eko hamarkadan batu zitzaiola. «Gerrate Karlisten ondorenean Baztango dantzak eta ohiturak malda beheiti etengabe batean sartzen dira. Garai horietan sagar dantzen transmisioa ahultzen da, eta frankismoaren urte luzeetan ez da egoera aldatzen, 1963an Arizkungoa baino ez delarik geratzen. Sokadantzak, berriz, desagertzen dira guztiz». Horrela, berreskuratze lan horietan hasi zirela zehaztu zuen, «zaharberritze eta berpizteko ahalegin honetan izandako aitzindaritza eta inplikazioa» ahaztu gabe. Zentzu horretan, eskerrak eman zizkien «Jo ala Jo kultur Elkartea eta Baztandarrak Dantza Eskola, Baztango Udaleko eta Elizondoko Herriko hautetsi eta agintarien edota Erratzuko Kultur Elkartea gisako eragileei, hauen guztien lanak sortarazten dituelako euskal kulturari, Baztango folkloreari, espazioa ematen dieten uneak, tarteak, erritualizazio berriak txertatzeko denborak». Era berean, gogoan izan zuen Jose Inazio Ansorena, «doinuen armonizazio lan xarmantarengatik, baita lan hau aitzinerat ateratzeko tenorean erakutsitako interesa, pazientzia eta laguntzarengatik ere».

Ekitaldiari bukaera emateko, Jo ala Jo kultur Elkarteko eta Baztandarrak Dantza Eskolako txistulari eta dantzariek erakustaldi txiki bat egin zuten, lan honetan berreskuratutako pieza batzuk jendaurrean jo eta dantzatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun