Baztango Txistulariek harrera egin zioten Balleko Etxe atarian eta gero, barnean, ekitaldi xalo bezain sentitua eskaini zioten. Ana Larruy kultura koordinatzaileak Redondoren ibilbidearen errepasoa egin zuen, sukaldari zenetik hasi eta Planeta Saria lortu arte. Segidan, Joseba Otondo alkateak, udalaren eta herriaren izenean eskerrak eman zizkion Baztan mundu osoan ezagutzera emateagatik, Henning Mankell-ek Suedia eta Andrea Camillerik Sizilia Montalbano inspektorearekin ezagutzera eman dituzten bezalaxe. “Baztango Trilogiari esker ezagutzera eman gaitu eta hori harro egoteko modukoa da, arras pozgarria eta polita”.
Alkateak Baztanen girotutako literaturaren errepasoa egin zuen eta euskaraz idatzitako lehen polizia-eleberria Elizondon girotua dela aipatu zuen eta Mariano Izeta elizondarraren Dirua Galgarri eleberria ere gogoratu zuen.
Dolores Redondo idazleak aipatu zuenez, harritua dago turistak Baztanen bere eleberrietako lekuen bila ikusten dituenean. Bere liburuetako kokaleku moduan Baztan zergatik aukeratu duen ere azaldu zuen, “leku berezia baita, ez da berdina Baztan aukeratzea edo bertze eozein aukeratzea, Baztanek eta Elizondok nik bilatzen nuen guztia biltzen zuten, arkitektura harrigarria dauka, armarria, mitologia, sinesmenak… dena dauka. Herri honetaz maitemindua nagi, bisitariak ongi hartu eta zaintzen dituzue ”.
Udalak Baztani buruzko liburu-xorta eta bertako produktuen saskia eman zion opari. Udal ordezkariekin batera, Pontas literatur-agentziako Ricard Domingo eta Anna Soler-Pont, Destino argitaletxeko Albá Fité eta Dolores Redondoren senide eta lagunak izan ziren ekitaldian.