Modu berean Batzar Nagusiak Espainiako estatuak buruturiko erasoak salatu zituen bertan izandako eskubideen urraketa, bortizkeria eta errepresio basatia gaitzetsiz. Bidenabar Kataluniako herriari eta zaurituei elkartasuna adierazteko erabakia hartu zuen eta “Euskal Herria, Katalunia edo munduko gainerako herrietan, herritarren borondate askean oinarrituta garatzen dituzten prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa” hartu zuen.
Asteleheneko mozioa EH Bilduk premiazko puntu bezala sartu zuen eta bildutako batzarkideen aldeko 20 bozka eta Geroa Bairen bi abstentzio izan zituen. UPNko hiru hautetsiek bozka emateari uko egin zioten.
Bertzalde, igandean Erratzun Kataluniarekin elkartasuna agertzeko bozketa sinbolikoa egin zuten eta ilunabarrean Elizondon, Katalunian bizi izandako errepresioa salatzeko elkarretaratzea egin zen.