Batzar Nagusiak Aroztegiko birzatiketa planari buruz errekerimendua egitea erabaki du

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 3a, 10:30

Erabakia aldeko 20 bozkarekin onartu zen eta UPN eta Geroa Bairen abstentzioarekin

Abuztuaren 1ean Nafarroako Gobernuak Lekarozko Aroztegiko proiektuaren birzatiketa plana onartu ondotik Baztango Batzar Nagusiak urriaren 2an egindako ohiko bilkuran birzatiketa plana berrikusteko gobernuari galdea edo errekerimendua egitea erabaki zuen. 

 

Erabakia aldeko 20 bozkarekin eta UPN eta Geroa Bairen 6 abstentzioarekin onartu zen. Joseba Otondo Batzar Nagusiko lehendakariak aurkeztutako idatzian birzatiketa planean egin beharreko lurzatien aldaketa eta egokitzapenei buruz Batzar Nagusiari deus ez zitzaiola jakinarazi aipatu zuen eta, hori, prozedura administratiboan akats larria dela; zeren lurren jabe guztieri beren lurrei buruzko informazioa jakinarazi behar baitzaie. Batzar Nagusiaren kasuan bertan diren herrilurrengatik. Modu berean, Batzar Nagusiko lehendakariak bere harridura agertu zuen birzatiketa planean egin beharreko katastro aldaketak udalaren eskumena edo konpetentzia direlako eta udala horretan ari zelarik, uztailaren 28an, Nafarroako Gobernuak lege zirrikitua baliatuz, katastro aldaketa guztiak egintzako eman eta birzatiketa plan onartu zuelako. Lehendakariaren erranetan gobernua ez da interes publikoa defendatzen ari. 

Bertzalde, Mattari Plaza Lekarozko alkateak Aroztegiko eremu barnean dagoen San Martzial ermitaren gaia aipatu zuen Nafarroko Gobernuak birzatiketa planean Aroztegiko sustatzaile edo promotoreei eman baitie. Haatik, herriko akta liburua eta bertze informazioak baliatuz ermita herriarena dela argudiatu zuen Plazak eta, horregatik, Lekarozko herriak ere birzatiketa planari buruzko galdea egin diola Nafarroako Gobernuari. Otondok Aroztegiko aferan Baztango erakundeak beren konpetentzia guztietaz hustutzen ari direla erran zuen: udalez gaindiko eragina duen planarekin hasi ziren eta orain katastro aldaketak egiteko ahalmena kendu dute, Baztango erakundeen izatea kinkan utziz. 

Urriaren 2an onartutako galdea administrazioarekiko auzi epaitegirat jo aitzineko pausua da, hortaz, Nafarroako Gobernuak kasurik egiten ez badu, birzatiketa planak epaitegietan akitzen ahal du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun