Baztango udal ikastaroetan izen emateko epea irailaren 25etik 29ra irekiko da

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 22a, 15:00

Gaita eta atabal ikastaroa egiten dutenek, karrikan erakusteko aukera izaten dute.

Zura lantzen, xaboia edo ogi ekologikoa egiten, musika-tresna ezberdinak jotzen, birziklatuz sortzen edo margotzen ikas daiteke aurten 

Aurten ere ikastaro eskaintza zabala prestatu du Baztango Udaleko Kultura Batzordeak era izen emateko epea irailaren 25etik 29rako astean irekiko da, astelehenetik ortziralera 07:30etik 15:00etara Arizkunenean.

 

Zura lantzea ikastaroa Mikel Okiñenak eskainiko du asteazkenetan 09:30etik 13:00etara Arizkunenean, urriaren 18tik aitzinera. 20 saio eginen dituzte, 70 ordu denera.

Hasiberriendako xaboi, erromeri-alkohol eta txanpu solidoa egiteko lau orduko tailerra urriaren 17an, asteartean 16:00etatik 20:00etara eskainiko du Elena Ezkurdiak Arizkunenean.

Arituendako xaboi bereziak eta txanpu solidoa egiteko tailerra, berriz, urriaren 24an, asteartean 16:00etatik 20:00etara eskainiko du Elena Ezkurdiak berak.

Hasiberriendako eta arituendako atabala ikastaroa eskainiko du Shanti Diaz Carmonak urriaren 18an hasita, asteazkenetan 17:00etatik 18:00etara (20 ordu denera, 8 urtetik goitikoendako).

Mutildantza eta Baztango dantzen ikastaroak, hastapenetik goi mailara antolatu du Jo ala Jo Baztango Dantza Eskolak. Informazio gehiago joalajo@gmail.com edo 618 460694 (Ane).

Hasiberriendako eta arituendako gaita ikastaroa eskainiko du Tomas Diaz Peñalvak urriaren 18an hasita, asteazkenetan 18:00etatik 19:30era. 5-8 urte bitarteko haurrentzat ‘Birziklatuz sortu’ tailerra eskainiko dute Amaia Zinkunegik eta Ines Gerekak urriaren 17tik martxoaren 22ra, asteartero 17:00etatik 18:30era.

Ahots teknika ikastaroa eskainiko du Isabel Lakarrek urritik ekainera, astelehenetan 18:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, Elizondo Abesbatzak antolatuta. Izen ematea 670 322137 telefonoan.

16 urtetik goitikoendako Scrapbooking ikastaroa eskainiko du Helena Xuriok azaroaren 27an eta 28an, 16:00etatik 19:30era (7 ordu denera).

16 urtetik goitikoendako margo ikastaroa eskainiko du Iciar Mikelperizenak asteartetan 19:00etatik 21:00etara, urriaren 10etik aitzinera (22 ordu denera).

Abesbatza ttiki ikastaroa eskainiko dute Kristina eta Maki Urtasunek Iruritan urritik maiatzera. Asteazkenetan izanen da, ttikiak 18:00etatik 18:45era eta koxkorrak 18:45etik 20:00etara.

16 urtetik goitikoendako okintza ekologikoari buruzko ikastaroa eskainiko du Xabier Akizuk azaroaren 17, 18, 24, 25 eta abenduaren 1 eta 2an (ortziraletan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:30etik 17:30era, 30 ordu denera).

Emakumeentzat musikoterapia tailerra eskainiko du Haizea Loirak urriaren 17tik abenduaren 19ra, asteartetan 20:00etatik 21:40era (15 ordu denera).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun