Bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia egin zuten Anizen

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 22a, 07:22

Bertako zuhaitz espezieak ezagutzeko ibilaldi interesgarria egin zuten Anizen.

Baztango Agroekologia eskola herritarraren baitan, Anizko Elkarteak eta Hazitik Hoziek antolatua

Baztango Agroekologia eskola herritarraren baitan bertze ikastaro edo hobeki erran, kasu honetan ibilaldia bat izan zen joan den larunbatean. Irailaren 16an Anizko elkarteak eta Hazitik Hoziek “Bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibiladia” antolatu zuten, Xabier Zabaletaren eskutik.

 

Goizeko 9:30ean elkarturik abiatu zen taldea Anizko parajeetan barna. Sarrera gisa Xabierrek klimak inguruan duen eragina azaldu zuen; baita paisaiaren aldaketa historian zehar, neolitikotik gaur egunera artio batik bat. Azkenik, klima aldaketan, erreketako biotipoetaneta higaduran basoek duten garrantzia nabarmendu zuen. 

Sarrera ondotik Inertze izena duen paraje aldera abiatu ziren eta zuhaitz ezberdinen aintzinean jarrita, bakoitzaren ezaugarriak azaldu zituen. Bertze batzuen artean, pagoa, hiru haritz mota (Quercus pyrenaica edo ametza, Quercus petraea eta Quercus suber), lizerra, sahatsa, giltzaurra, elorri beltza eta zuria, astigarra, urkia, gaztaina, zumalikarra, haltza, eta ahabia aztertu zituen. 

Gaztainondoen eritasunak (chancro eta tinta) ere aipatu zituen, baita nabarmendu ere Basuburua inguruan Euskal Herriko alerik zahar eta osasuntsuenetakoak daudena. Hala ere Xabier, nahikoa ezkor mintzatu zen gaztainadien bizi iraupenaz. Xabierrek akitzean, bere pasioa ederki adierazi zuen erranairu honen aipuarekin “Arbolak maite dituen pertsona, bertze deus izan nahi ez duen pertsona da”. Ondotik, denak zoriondu zituen, inguratutako lagun guztiek maite baitituzte zuhaitzak, zinez.

Agroekologia eskola herritarreko ondoko hitzordua Jo ala Jo elkarteak urrian antolatuko duen sagar dastaketa ikastaroa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun