Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean Bizikletaldia antolatu dute Elizondon irailaren 22an

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 21a, 09:21

Herriko sortzaile eta historialariek gidaturik herriko txokoak ezagutuko dituzte, ortziralean 18:00etan plazatik abiatuta

Irailaren 22an, ortziralean Autorik gabeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren baitan Elizondoko Herriak antolaturik herriko bazterrak ezagutzeko bizikletaldia eginen da. Herriko sortzaile eta historialariek gidaturik hainbat txoko eta bazter berezi ezagutzeko aukera izanen da. Bizikletaldia arratsaldeko 6etan abiatuko da Elizondoko plazatik.

Azkeneko urte hauetan eragile desberdinen ekimenez mugikortasun iraunkorragoa bulkatzeko hainbat ekimen egiten ari dira Baztanen. Mugikortasun iraunkorragoa bulkatzeko autoaren erabilpena mugatzea eta ttipitzea beharrezkoa da eta herri barnean oinez edo bizikletan harat-honat mugitzea. Helburu horrekin udazken eta udaberri aldean ikastetxeek, bailarako elkarteek eta udalak bizikleta egun eta asteak antolatu izan dituzte, oraingoan lekukoa Elizondoko herriak hartu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun