Eskoletako udako lanak egin ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 19a, 06:54

Arizkungo eskolan 100 metro koadroko lehor berria egin dute.

Arizkungo eskolan 100 metro koadroko lehor berria egin dute eta Amaiurren, Azpilkuetan, Erratzun eta Zigan ere lanak egin dituzte; abenduan Arraiozko eskolako leihoak aldatuko dituzte

Urtero bezala Baztango udalak eskoletako inbertsioak eta  mantenimendu lan desberdinak egin ditu udako hilabeteetan. Lanik aipagarriena Arizkungo eskolan egin den lehor berria da, 100 metro koadrokoa. Proiektuak 30.000 euroko kostua izan du idazketa, zuzendaritza eta exekuzioa barnean hartuta. Lanak uztaila eta abuztuan egin dira eta Putxiriak egin ditu, eskaintza hoberena berea izan baitzen.

 

 

Modu berean Udalak Amaiurko eskolako gela baten hezetasunak eta zartadurak konpondu ditu pareta metro bateko altuera artio berrituz. Azpilkuetako eskolako lehendabiziko solairuan jangela egin du, horretarako gela bat osorik moldatuz; zola eta sabaia berritu ditu eta ateak aldatu. Erratzun, bertzalde, liburutegia egiteko eskolako sabaia egokitu du eta Zigan kanpoko jolastokiaren zola berritu eta eskolaren leihoetan burdinezko hesiak paratu ditu. Aipatu lanak egiteko udalak 15.000 euro inguruko inbertsioa egin du. Lan horietaz gain urteroko ohiko mantenimendu lanak ere egin ditu

Bertzalde abuztuko osoko bilkuran Arraiozko eskolako leihoak aldatzeko 18.000 euroko aurrekontu aldaketa onartu zen eta lan hau abenduan eginen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun