Udalak adierazi duenez, inbertsioak finantzieroki bideragarriak dira eta beren gauzapenak ez du kostu gehigarririk suposatuko. Hala, proposamena xeheki emanik, hauxe litzateke:
Almandozko lehorra: Herrian Itturri ondoan autobusen geralekua eginen da. Obra hori aprobetxatuz, bertan dagoen merendaleku ttipia geralekuaren barnean sartuko da, orokorrean herritarrendako funtzio desberdinak izanen dituen lehorpeko tokia sortuz.
Arraiozko eskolako leihoak: Udal eraikinetako energia eraginkortasuna hobetzeko ildoari jarraiki Arraiozko eskolaren leihoak aldatuko dira. Aldaketarekin ikasleen erosotasuna hobetuko da eta ikasketarako ingurune egokiagoa erdietsiko da.
Mendi-lanak: aziendek bideetan sortu ditzaketen arriskuak saihesteko Lekarozeko Iñarango bidean, Larraldeko bidean, Irulegian eta Lezaben kanadiar erako pasabideak eginen dira
Arlako uren moldaketa: Elizondoko Erabetako ur-biltegia behin-betiko egokituko da auzotarrek kalitatezko ura izan dezaten eta Iturri-Ederrak inguru horretako etxeei ura eman diezaien. Horren ondorioz Arlako iturburuak ematen dituen arazoak saihestuko dira.
Zaharren zaintza plana: Baztango zahar etxeak oraingo eskakizunerat egokitzeko erroko moldaketa behar du. Moldaketa hori egiteko bailaran adinekoen zaintza nola antolatu eta horretarako zer zerbitzu eskaini zehaztu behar da. Hau da, ondoko urteetarako adinekoen zaintzaren argazki orokorra egin eta horretan zahar etxearen funtzioa zein izanen den zehaztu. Plan honek zahar etxearen erreforma egiteko oinarria paratuko du.
Bergarako eta Aintzialdeko urak: Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak agindurik Arizkungo Bergara eta Aintzialde auzoko ur-biltegietan kloratzaileak paratuko dira; horretarako beharrezkoak diren etxolak eta gainerako osagarriak eginez.
Hiltegia: Albaiteroaren eskariz zerriak erretzen diren gelan sortzen den kea erauzteko eta zerrikumeak egosten direlarik sortzen den lurrna ateratzeko, ke eta lurrunak erauzteko sistema paratuko da.
Haur eskolako sukaldea: Elikadurari buruzko kezka garrantzi berezia hartzen ari da osasunari, ingurugiroa eta tokiko garapenari buruz batez ere. Eskuhartze honekin Baztan haur eskolako sukaldean bertan sukaldatu ahal izateko egokitzapenak eginen dira ke-erauzgailua eta su berria eta jakiak beroan kontzeko armairua paratuz. Bertan sukaldatzeak elikadura hezkuntza proiektuan sartzeaz gain otordu osasungarriagoak eta bertako ekonomia pizteko balioko du.
Telefonicako plegua prestatzea: Udalak dituen telefonia kontratu desberdinak kontuan hartuz interes publikoa aintzat hartuz eta udalaren beharrak kontuan hartuz plegu teknikoa egitea da helburua. Horretarako ezagutza teknikoa duen aholkularitza kontratatuz. Azken helburua udalaren beharretarat hobekien eta merkeen egokitzen den telefonia kontratua egitea da.
Bideetan brea botatzea: Arizkungo Bergara eta Aintzialde auzoetako udalaren errepide zatian brea emanen da, auzo horietarako irisbidea hobetuz. Gaur den egunean bide zati hori aski egoera txarrean dago. Aipatu bi auzoetan 80 biztanle inguru bizi dira.