Egoeraren berri emateko, prentsaurrekoa egin zuten EHBildu eta Ezkerrako ordezkariek abuztuaren 31n Iruñean. Bertan adierazi zutenez, azken salaketak «Palacio de Aroztegia enpresak Baztango ordezkari instituzionalen kontra abiatu duen jazarpen edo pertsekuzio judizialaren pausu berria da». Izan ere, aspaldikoa da bi aldeen arteko tirabira: «Garbiñe Elizegi lehengo legealdiko alkatearen kontra pelotazo urbanistiko errateagatik salaketa paratu zuten; ondotik, oraingo alkatearen eta Elizegiren kontra prebarikazio salaketa eta, azkena, Tokiko Gobernu Batzordeko EH Bildu eta Ezkerrako bortz hautetsien kontrakoa».
Baztango Udalak espazio eta plaza publikoak, «bereizkeriarik gabe» herritar ororen esku jartzen dituela azaldu zuten: «Baztandar guztiek dakiten bezala, Baztango Udalak Tokiko Gobernu Batzordearen erabakien bidez plaza eta plazako argia zernahi ekitaldi eta hitzordurako uzten ditu: negu sasoian igandearekin egiten diren bailableetarako, bigarren eskuko azoketarako, artisauen ferietarako, esne sektorearen egoera salatzeko manifestazio akaberako ekitaldirako, Blues elkartearen kontzertuetarako, erlijio ebangelistako fededunen bilkuretarako, errege-kabalgatarako, Elizondoko herriari bestetarako… Eta, bistan denez, Aroztegiako proiektu urbanistikoaren sustatzaileek proiektuaren aldeko herritarrek plazan zerbait egin nahiko balute, baimena izanen lukete».
Instituzio publikoak, interes partikularretatik urrun, «herritarrek emandako legitimitate demokratikoan» oinarritu behar direla defendatzen dute: «Palacio de Aroztegiak, bere interes ekonomikoetarat makurtzen diren ordezkariak eta instituzioak nahi ditu. Baina baztandarrak eta, bistan gu, botere ekonomikoetatik independienteak gara eta botere ekonomikoetatik independienteak diren instituzioak nahi eta defenditzen ditugu». Eta modu berean, «autonomia munizipalaren defentsa sutsua egiten» segitu nahi dutela gaineratu zuten, «oraingoan herriko espazio publikoen erabilera baimentzeari buruz». Palacio de Aroztegiako promotoreak afera guzti honetan «Baztango erakundeen gainetik» pasatu nahi dutela salatu zuten. «Horretarako udal agintarien kontra judizialki jo dute, oraingoan, Tokiko Gobernuko ordezkarien kontra eta plazaren erabileraren udal eskumenaren kontra. Palacio de Aroztegiak garbi izan behar du botere ekonomikoak ez dituela herritarren ordezkariak diren hautetsiak menpean hartzen ahal; eta ez gaituztela menpean hartuko». Eta etorkizunean hala segitzeko asmoa dute: «udalaren autonomia eta hirigintza eskumenen alde eta, bistan dena, herritarren behar eta adierazpenerako espazio eta plaza irekien alde jarraituko dugu, nahi duen edo eskatzen duen edozein baztandarrek erabiltzeko aukera izan dezan».