«Bertako jendeak eta sortzen den giroak egiten ditu bestak berezi»

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 18a, 13:51

Aitor Almandoz, Lekarozko nekazari gaztea.

Aitor ALMANDOZ, Lekarozko gaztea

Nekazaritza du lanbide Aitor Almandoz 20 urteko lekaroztarrak. Berak onartu digunez, hori delako «betidanik gustatu izan zaidana». Are gehiago, bere hitzetan, «niretako lana baino gehiago, bizitzeko modu bat da». Mutil «jatorra, bestazalea eta arras lagungarria» dela ere kontatu digu, baina gisa berean, «batzuetan lotsatia eta beldurtia ere» badela aitortu digu. Mendia, animaliak eta musika dira bere zaletasun haundienetako batzuk. Eta ez da ahantzi bere lagunez ere: «lagunekin besta eder bat egitea» ere bere afizioen artean sartu baitu.

 

Gainerakoan, denbora librea baldin badu, «zakurrekin mendira joan edota lagunekin esku-pilotan aritzeko gelditzea» gustatzen omen zaio Lekarozko gazteari, eta umoretsu gaineratu digunez, «bateria ere jotzen dut ahal dudanean eta barrideak etxean ez daudenean».

Agerian gelditu da bere herria maite duela. «Paraje eta txoko eder aunitz» baititu bere irudiko Lekarozek. Dena den, «bat azpimarratzekotan, Legate menditik Baztan osora dauden bista ikaragarriak» aipatu dizkigu.

 

Bestetan lana eta besta

Abuztu hondarrean herriko bestak izanen dituzte Lekarozen, eta Aitorrek, «bestazalea» izanda, ez du aukera alferrik galduko. Baina lana egitea ere tokatuko zaio, kargoduna baita. Hortaz, berak dioen bezala, «besta ahal den gehiena, baina lana ere bai. Baina denon artean erraz egiten da». Otsailean hasi ziren programa prestatzen, baina «gehiena uda hasieran egiten dugu». Gastuak, berriz, etxe guztiek ematen dute etxe-sariarekin eta gazteek paratzen duten gazte-sariarekin estaltzen dituzte.

Bortz egunez haur, gazte nahiz helduendako ekitaldi saila izanen dituzte aurtengo bestetan ere Lekarozen. Eta Aitorren irudiko, «egun bakoitzak bere xarma du». Hortaz, «denetan ahal den gehiena gozatzen» saiatzen dela adierazi digu. Beretako, «bestetan ez dagoelako egun txarrik, urte osoan bortz egun bakarrik baitira».

Sanbartolometako egunik kuttunena aukeratu ez badu ere, garbi du zein duen ekitaldirik gustukoena: «herri bazkaria». Eta zergatik? Bada «urte osoan kanpoan dauden herritarrekin eta herri osoa elkarrekin sortzen den giroa ikaragarria delako». Lekaroztarraren irudiko, «bertako jendeak eta sortzen den giro paregabeak» egiten ditu herriko bestak berezi. Edozein moduz, bestetatik zerbait faltan edo soberan sumatzen ote duten galdetuta, honela dio irribarrez: «bai, egun pare bat gehia­go». Herri batzuetan egun kopurua murriztu badute ere, badirudi ez dela horren aldekoa Aitor. Argi utzi du ez dela etxean geldituko Lekarozko bestetan. Gehiagorako gogoz, hori bai, baina momentuz bestak horrela­ direnez, bortz egunak ahalik eta gehien aprobetxatzeko ahalegina ­eginen du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun