Gobernuak eta Baztango Ehiztari eta Arrantzale Elkarteak ibaiak zaintzeko protokolo bat sinatu dute Bidasoa arroa babesteko

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 9a, 07:30
Joseba Moreno, Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteko presidente ohia, Ana Altzuri, kudeatzailea, Eva GarcĂ­a Balaguer, Ingurumeneko zuzendari nagusia eta Nekane Vizcay, Ibaien Berrikuntza eta Arrantza Kudeaketako burua Bertizen.

Nafarroan sinatzen den ezaugarri hauetako lehenengoa da

Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurraldeko Antolakoetako Zuzendaritza Orokorrak eta Baztango Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkarteak Nafarroako ibaiak zaintzeko lehen protokoloa sinatu dute abuztuaren 8an Bertizko Natur Parkean, Baztan-Bidasoa eta Leitzaran ibaien ingurua elkarrekin babesteko; baita arroko Natura 2000 Sareak babestutako eremuetan ere bai (Bertizko Jaurerria, Belate eta Artikutza). 

 

Eva Garcia Balaguer, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak eta Ana Altzuri, Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteko kudeatzaileak sinatu dute hitzarmena.

Ekimena LIFE-IREKIBAI Europako proiektuaren barruan sortu da, eta azken urtean Nafarroan egindako arrantzaren partaidetza-prozesuaren ondorioak jasotzen ditu. Herritarrek ibaien kontserbazioan eta hobekuntzan, eta aipatutako arroko Natura 2000 kontserbazio-eremu berezien kudeaketan parte hartzea da helburua, Ingurumeneko Zuzendari Nagusi Eva Garcia Balaguerrek adierazi duen moduan. Horrez gain, hauxe azpimarratu du: «elkarlaneko eredu bat egin nahi dugu, gure komunitateko ibai-inguruetan proposatzen diren antzeko ekimenetarako suspergarriak izateko».

«Gure instalazioetan egiten den lana ongi ezagutzea nahi dugu –aipatu du–. Hori dela eta, Lesakako Nasara eta Oronoz-Mugairiko piszifaktoriara egindako bisitak sustatuko ditugu. Han egiten den lan guztiaren berri emateko. Horri esker, gure ibaien benetako egoera zein den hobe jakingo dugu».

Bertzalde, Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteko kudeatzaile Ana Altzurik gogoratu du elkarteak dagoeneko lankidetza-jarduera luzea duela Ingurumenarekin. «Urte guztietan elkarlanean ibiltzen gara Departamentuekin haraneko ibaietan egiten diren amuarrain-zenbaketetan, eta Elkarteak batik bat lehortzeko arriskuan dauden errekastoak zaintzen ditu», gaineratu du.

Elkartea 1948. urtean sortu zen, eta gaur egun, mila bazkide baino gehiago ditu Baztanen, Urdazubin, Zugarramurdin, Oieregin eta Narbarten. Protokolo hau sinatuz hasieratik egiten ari den arrantza-kudeaketan elkarlana finkatu nahi du, eta bazkideen eta herritarren artean ingurumena kontserbatzeko eta zabaltzeko jarduera gehiago egin nahi dira. Horrenbertzez, balio ekologiko horiek gordetzea da helburua, arrantza-espezieen eta arroko habitaten onerako; baita inguruko herriendako ere.

Akordioak Basozainekin elkarlanean aritzea barne hartzen du, ibaiarekin lotutako espezieen azterketa teknikoak, lursailari buruzko ekintza jakinak edo espezie basatien egoera hobetzeko ekintzak egiteko. Ehiztari eta Arrantzale Elkarteak boluntario egonkorren sare bat formalizatzeko eta ibai-ekosistemaren eta arrantza-kudeaketaren hobekuntzak proposatzeko ardura ere hartu du. Horrez gain, arrantzaleentzako, ibaiaren bertze erabiltzaile batzuentzako eta bertako herritarren sentsibilizazio-ekintzak jasotzen ditu, arrantza iraunkorraren kontzeptuak hedatzeko.

Azken urteetan, ekosistemak aldatu dira eta espezierik ahulenen (erdi uretakoak diren ugaztunak, hala nola bisoia edo desmana, eta zenbait arrain, izokina esaterako) banaketa-eremua murriztu edo zatitu da. Horrez gain, isolamendu genetikoa eta bertze eragin batzuk direla eta, ezinbertzekoa da elkarlanean aritzea, haien jarraitutasuna eta berreskuratzeko gaitasuna bermatzeko eta egon daitezkeen presio berriei aurre egiteko.

 

Izokin gutti euri faltarengatik

Udaberriko euri eskasak joan den uztailaren 31n Bidasoa ibaiaren azken arrantza-kanpainan izokin kopuruak behera egitea eragin du. Zehazki, aurten 33 ale harrapatu dituzte; baimendutako 78 aleen aldean. Departamentuak egindako txostenaren aurrerapenaren arabera, udaberriko euri faltak Bidasotik ibiltzen diren emariak udakoak izatea ekarri du, udaberrikoak baino, beraz, izokin kopurua bertze urteetakoa baino aunitzez ere ttikiagoa izan da.

Lehen izokina edo "lehenbizikoa" kanpaina hasi eta berehala harrapatu zuten, maiatzaren 1eko 7:12an. 80 cm-ko eta 4,7 kg-ko ar bat zen, "Villanueva" gisa ezaguna zen putzuan kutxarilla bidez arrantzatutakoa. Geroago, maiatzean, bertze bortz izokin gehiago bakarrik harrapatu ziren; ekainean, 10 izokin, eta uztailean, 17 ale (guztien %52).

Bertze kanpaina batzuetan dagoeneko ohikoa denez, arrantzatutako lehen izokinak izan ziren handienak, eta denboraldia aurrera joan ahala izokinen tamaina ttikiagotu egin zen. Denboraldian harrapatutako izokinen % 61ek negu bat emana zuten itsasoan, eta %39k gutxienez bi negu emanak zituzten itsasoan.

Arrantzatutako izokinen % 73 jatorriz basatiak ziren, eta gainerako % 27 (9 izokin), Nafarroako Gobernuaren Mugairiko piszifaktorian hazitako eta jaiotako izokinak.

Harrapaketak bertze urte batzuetan baino banatuago egon dira ibaian zehar. "Villanueva" putzuan 12 harrapatu dituzte, 4 Montoian, eta 3 Eskailerako putzuan. Gainerakoak bertze bederatzi lekutan. 2017ko denboraldian harrapatutako izokinen erdia baino gehiago uztailean arrantzatu dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun