Irurita Miguelena taldean, iazko laukote berbera, Xabier Barberena sakalaria, Gorka Urtasun numeroa eta Jagoba Ramos eta Egoitz Prim laurdenak aritu ziren; Azpitxapeldun izan zen Irurita Biek taldearekin Jorge Azkarate sakalaria, Joseba Urtasun numeroa, eta Iñaki Etxandi eta Guillermo Etxenike laurdenak.
Lehenbiziko bortz jokoak Miguelena taldekoek egin zituzten eta hor hasi zen erabakitzen finala (5-0). Biek taldekoek hiru egin zituzten (5-3), baina hurrengo biak berriz ere gorriek lortu zituzten (7-3). Bertze bat lortu zuten gerora azpitxapeldun izanen zirenek (7-4), baina azken biak lortuta, Irurita Miguelenek eutsi zion txapelari (9-4), bi orduko partidaren ondotik. Sakean hobe ibilizen Xabier Barberena Jorge Azkarate baino eta numero gisara aritu ziren Gorka eta Joseba Urtasun anaien artean ere, gazteena nagusitu zen.
Iban Santesteban doneztebarra aritu zen marrazain, eta Doneztebeko Javier Bertiz, Iruritako Jose Javier Elizaintzin eta Arraiozko Aritz Alunda epaile.
Hirugarren postua Donezteben gelditu zen
Larunbat goizean jokatu zen hirugarren posturako norgehiagokan Doneztebe Apeztegia taldeak (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Iban Santesteban eta Joseba Juanena) 9-4 irabazi zion Arraioz Sagardia taldeari Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Jon Gamio eta Aritz Alunda).
Doneztebeko udaleko Jon Etxekolanea eta Nerea Telletxea zinegotziek jarri zizkieten txapelak irabazleei; bigarren postuko sariak Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko kontseilariak banatu zituen, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko Josu Janices eta Nafarroako Pilota Federazioko Rufino Pulidok eman zizkieten sariak hirugarrenei, eta Pilotarien Batzarrako Jose Artetxek laugarrenei.
Sariak banatu ondotik, afari eder batean bildu ziren jokalari, antolatzaile eta laguntzaileak.