«Teknologia eta eskulana lotzen ditut, teknika bakoitzaren onena erabiltzeko»

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 21a, 13:07

Juan Angel Perotxena, Elizondoko bestetako kartelaren egilea.

Juan Angel PEROTXENA URANGA, Kartel lehiaketako irabazlea 

Irudiak, koloreak, hitzak... eguneroko lanabes ditu Juan Angelek. Hamahiru urte daramatza ilustratzaile eta diseinatzaile lanetan eta aurten berea da Elizondoko bestak iragartzen dituen kartela: «oraindik ere sentsazio bereziagoa da norberaren bestak baldin badira». Buruhaundiak irudikatu ditu kartelean bestetan gozatzen duten bitartean: «lanean egon ohi dira, baina gainerakoak egiten dugun moduan gozatzen irudikatzeak bere grazia zuen. Horregatik erantsi nizkien betaurrekoak, zapiak eta gainerako elementuak». Kartelaren kolorea aukeratzerakoan ere apustu berezia egin zuen: «horia aurkeztu dut, uda eta beroaren adierazgarri da, baina aukeratua izateko zailagoa agian. Epaimahaiaren gustokoa izan zen hala ere».

 

Eskulana eta teknologia uztartzen ditu bere lanetan «eskulanean hasten naiz marrazketan eta kolorearen lanketa berriz digitalean egiten dut, teknika bakoitzaren alde onenak erabili nahian». Izan ere, biek dituzte alde onak eta txarrak: «eskulanak aunitzetan ez du akatsak zuzentzeko aukerarik ematen, baina akabera irregularragoa eta beroagoa izaten da.Teknika digitala berriz azkarra da, koloreak aldatzea errexa da, zuzenketak… baina era berean hotzagoa dela iduritzen zait».

 

Aaltsa askotako perexila

MALMÖ ilustrazio eta diseinu estudioaren erdia izatearekin batera, bertze hainbat saltsetan dabil: «ezetza ematen ez jakitea dela, nortasun parte-hartzailea dela edo aktiboa izatearen erruz, saltsa aunitzetan nabil: Tirri&Teryren erdia naiz, urte aunitz dira errugbian jokatzen ari naizela, eta orain Bizarras kale arte kolektiboaren baitan margotzen hasi naiz. Gustuko ditut musika, kontzertuetara joatea, serieak, bideojokoak eta komikiak, eta gustuko dut irakurtzea ere».

Hainbertze zereginen artean, hartuko du herriko bestetaz gozatzeko tartea ere: «Jarduera aunitz ditut gustukoak eta betebeharrekoak iduritzen zaizkit. Ilobak ditudan honetan konpartsa oinarrizkoa iduritzen zait, eta noski zikiroa. Dena den ez naiz tradizioetan iltzatzen diren horietakoa eta edozein eboluzio ulertuko nuke». Bestetako lehenbiziko egunetik hasi eta azkenera arte gozatzen ditu: «lanaren arabera txupinazora joateko ohitura dut. Gero bazkaltzeko elkartu eta giroa berotzen hasten da. Herri krosa izaten da eta jadanik tradizioa da Falfarakeko kurban lasterkariak animatzea». Biharamuna, egun lasaia izaten da eta segidan, dator kuadrillen eguna «normalean egoten ez zaren jendearekin elkartzen zara».

Hurrengo eguna «trantsizio eguna» bezala izendatu du «baina ez etxean gelditzekoa». Azken egunean: «zikiro jatea bera baino, herriko adin guzietako jendearekin ongi pasatzea gustatzen zait. Gainera duela urte batzuk, lagun arteko broma gisan errotuladoreekin tatuajeak egiten hasi nintzen eta hau ere tradizio bihurtu da. Jostagarria da honekin jende berria ezagutu ta ajataka akitzea. Azken urteetan gaixoa niaren ondotik Tirry&Teryrekin musika jartzen dut eta herritarrak azken egunean dena ematen ikustea gozada bat da».

Egitarauan aldaketarik eginen ote lukeen galdetuta argi dio: «herritarrek egindako besta herrikoietan sinesten dudan neurrian, eta zorionez Elizondon hala da duela urte batzuk, zerbait faltako balitz edo soberan ikusiko banu Besta Komisioan parte hartuko nuke. Parte hartzearekin eginen nuke kritika. Kritika hutsala ez zait gustatzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun