«Musika zaletasuna bezain garrantzitsua da taldean dugun giro ona»

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 21a, 13:05

Jexux Baylon, Elizondoko Abesbatzako kidea.

Jexux BAYLON Elizondoko abesbatzako kidea

Urte berezia ari da izaten aurtengoa Elizondoko abesbatzako kideentzat «1942an sortu zen taldea eta 75. urteurrena bete dugu aurten». Hogeita hamar lagunek osatzen dute abesbatza eta horietako bat da Jexux: «talde gehienek bezala gorabeherak izan dira partaide kopuruari begira, baina orokorrean nahiko egonkor mantendu da abeslari kopurua». Gainera, etorkizunera begira kimu berriak ere landatuak dituzte: «2009an helduen abesbatzari Elizondoko Abesbatza Ttikia gehitu zitzaion eta bertan ikasturte honetan ia 60 haur eta gazte aritu dira».

 

Abesbatzaren historian bi etapa

Abesbatzaren ibilbidean bi garai desberdintzen dira, «lehenengoa 1942tik Juanito Eraso, abesbatzaren sortzailea eta zuzendaria, hil artekoa eta bigarrena 2004tik gaur egunera artekoa, Isabel Lacarren zuzendaritzapean». Ehunka kontzertu eskaini dituzte eta hainbat sariketetan parte hartu ere bai, ibilbide luzea bezain oparoa osatuz: «abesbatzak hainbat sari eskuratu izan ditu bai estatu mailan, baita nazioartean ere».

Jexux berak urteak daramatza abesbatzan kantari, «kopuru zehatza ez dakit. Haurra nintzenean abesbatzako entseguak aditzera joaten nintzen elizara. Gero solfeoa ikasten hasi nintzen Juanitorekin, musika bandan sartu eta modu naturalean abesbatzan akitu nuen».  Juanito Eraso hil zenean bizi izan zuen momentu zaila abesbatzak: «baina talde batek argi ikusi genuen segi nahi genuela» eta luzaroan segi ere. Abesbatzak hainbeste urtean segitzeko sekretua argi du, «motibazioa bi aldetatik dator. Musikazaletasuna bezain garrantzitsua da taldean dugun giro ona».

 

Bestetako ekitaldia

Elizondoko abesbatzak herriko bestetan paper berezia du: «bi ekitalditan parte hartzen dugu.  Lehendabizikoa uztailaren 24an abesten den Salbea da eta bigarrena Santio eguneko meza kantatua». Gainera, bi ekitaldietan laguntzaile bereziak izaten dituzte: «organoak eta Elizondoko Musika Bandak lagunduta aritzen gara». Bi ekitaldiak jendetsuak izaten dira «bakoitzaren sinismenak alde batera utzita, hitzordu finkoa da hainbat elizondarrendako eta kanpotik espreski etortzen den jende aunitzendako». Jexuxek bi ekitaldi hauek barrutik bizi ditu eta horregatik beretzat, «nahiko hunkigarriak dira. Aunitzetan gertatu izan zait ezagunak gonbidatu eta kutsu erlijiosoagatik pixka bat gibelerat botatzea. Baina azkenean etorri eta aditu eta gero erantzuna beti berdina da: ‘heldu den urtean berriz’».

Kantua ez da bestetan musikarekin izaten duen lotura bakarra «Konpartsarekin aritzen naiz egun batzuetan txistua jotzen». Bestetako egunik berezienaz galdetuta, «egun bakoitzak badu berea» erantzun du, «bereziena zikiro eguna da agian, baina bezperako kuadrillen afaria kanpoan dauden lagunak ikusteko aukera polita da». Edozein moduz, sakrifizio ttikiren bat egin behar izaten du: «uztailaren 25ean kantatu ahal izateko bezperako afarian zure burua pixka bat zaindu beharra duzu». Uztailaren 26ko kuadrillen bazkaria eta bazkalondoa ere ez ditu ahaztu: «bazkarian eta bazkalondoan elkartez elkarte egiten den poteoan ere giro ederra suertatzen da». Bukatzeko, Elizondoko bestetara hurbiltzeko gonbidapena ere egin du, argi utziz «errespeturik gabe, ez etorri».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun