«Bisitariak liluratuta geratzen dira gure inguruak duen edertasunarekin»

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 21a, 12:54

valledebaztan.com atariaz arduratzen diren Jaime Biguria, Jose Mari Arraztoa eta Edurne Biguria.

Jaime eta Edurne BIGURIA eta Jose Mari ARRAZTOA

www.valledebaztan.com webguneko arduradunak

Toki bateko sekretuak erakusteko nor hobea bertakoa izan eta tokia maite duen norbait baino? Premisa hori ongi betetzen dute www.valledebaztan.com web orriko kudeatzaileek. 1999. urtean sortu zuen web orria Jaime Biguriak: «denbora haietan internet ez zegoen orain bezain hedatua eta hasmentan proiektu ttiki eta pertsonal bat bertzerik ez zen». Denbora pasa ahala, ordea, webguneak ahalmen handia izaten ahal zuela ikusi zuten eta bisitariei zabaldu zieten atea: «2011. urtean atari turistiko bihurtu genuen hiruon artean».

 

Jaime eta Edurne Biguria eta Jose Mari Arraztoa dira www.valledebaztan.com atariaz arduratzen direnak. 100.000 bisita inguru izaten dituzte eta horretaz gain asistentzia turistikoa ere eskaintzen dute: «posta elektronikoa, telefonoa, whatsapp eta ataria dugun chataren bidez, baita sare sozialen bidez ere». Guzti honen gibelean lan potoloa dagoen arren, argi diote: «gustu handiz egiten dugu!».

 

LURRAREKIKO LOTURA

Lurrarekiko lotura berezia dute hirurek: «bihotzez arras baztandarrak sentitzen gara eta egiten dugun lanean nabari da maitasun hori». Egunero igotzen dituzte argazki eta bideoak sare sozialetara eta bisitariak «liluratuta geratzen dira gure inguruak duen edertasunarekin». Beraien ustez, Baztanek ezaugarri aunitz ditu horren magikoa izateko: «paisaia, natura, bere herri zainduak, arkitektura, gastronomia, euskal nortasuna, kultura eta folklorea. Hain gureak diren lainoak, metak… margo ezin hobea osatzen dute denen artean».

 

BISITARIEN ETORRERA

Bisitari gehienak «udan, aste sainduan eta zubietan» izaten dituzte eta jatorria egonaldi motarekin lotua egoten da aunitzen. Hala, udan adibidez, «Madril, Kataluinia eta Balentziatik etortzen da bisitari andana. Egonaldi motzetan berriz, Nafarroa, Euskadi, Errioxa, Aragoi…». Inguruaren erakargarririk nagusiena onadare naturala izanik, «parkeak, lezeak, mendi itzuliak…eskaera handia dute». Ondare kulturalak ere badu garrantzia: «museoak, errotak… eta bisita gidatuek ere geroz eta arrakasta gehiago dute: gasnategiak, itzuli antolatuak... aipatzekoa da Dolores Redondoren liburuek ere interes handia sortu dutela».

Bestak ailegatzen direnean, «asteburuetan nabari dira kanpotik etorritako bisitariak, gainerako egunetan herriko jendea ibiltzen gara». Beraiek ahal duten neurrian gozatzen dute bestetaz. Jaimek azaldu duenez, familia handitu ahala aldatu dira zerbait gauzak: «azkenean besta martxa baldintzatzen baitu».  Besta giroan ere aldaketaren bat izan dela uste dute «beti ere plazak indar handia galdu duela ikusten dugu, orain urte batzuk dantzaldi eta kontzertuak danban beteak egoten ziren. Gaur egun aldiz, jendeak ostatuetara jotzen du gehiago».

Erran bezala, Jaimeren bestak ume ttikiek baldintzatzen dituzte: «buruhaundiak, haurraren eguna, marrazki lehiaketa eta bandaren kontzertura joaten gara. Eta aperitiboa hartu eta kanpoan zerbait afaltzeko aprobetxatzen dugu». Edurnek eguna baino gaua nahiago du: «bezperan lagunekin bazkaria eta juerga pixka bat egiten dugu. Salbea aditzea ere gustatzen zait eta Santiago egunean familiako bazkaria izaten dugu. Gainerako egunetan aperitiboa hartu eta gauez itzulixkaren bat gehiago ematen dut».

Gustukoen duten eguna erraterakoan, bezpera aipatu dute: «kuadrillako bazkaria egiten dugu eta gehienak elkartzen gara. Aspaldi ikusi ez duzun jendearekin egoteko aukera bikaina izaten da». Ekitaldi batean eta bertzean, argazki kamera izanen dute gainean. Eskualdearen erakuslehio bihurtu den beraien web orria elikatzen segi behar dutelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun