Baztandarren Biltzarra ohiko egitarauarekin dator uztailaren 16an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko uzt. 13a, 07:16
Hamabortz herrietako orgak espero dituzte Elizondoko karriketan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Baigorriko Basaizearekiko elkartasuna omenduko dute igandean

Baztanen eskuara barra-barra leloarekin, aurten 54. aldiz baztandarren besta haundia ospatuko da uztailaren 16an. Aurten ere egun osoko besta izanen da.

Igande goizeko 10etatik aitzinera, goiz osoan artisauen erakusketa egonen da ikusgai Pedro Axular karrikan. 11:00etan he­rri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko da. 14:00­etan Mutil-dan­tzak izanen dira Elizondoko  plazan eta ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian.  Bazkalondoko animazioan, Baztango ioiak, mezua, sari banaketa, animazioa, Hauspolariek taldearekin kantaldia eta dantzak izanen dituzte Merkatuko Plazan. 18:30ean hasita Trikidantz taldeak dantzaldia eskainiko du Laxoako plazan eta 20:00etan Oharkabe taldea igoko da oholtzara. 01:00etatik aitzinera, Juan An­gel DJ-arekin bestak segi izanen du Laxoako plazako  ostatuan.

 

Ostatua frontoian

Ongi dagoena bere hortan utzi behar omen da eta, hortaz, aurtengoan aldaketa guti egin dituzte programan. Bat aipatzekotan, bazkal ondoko bestaren espazioa pixka bat aldatu eginen dutela eta frontoiari eman zaion estalkia probextuko dela, «karpa kendu eta gure ostatua frontonera mugitu dugu».

Baztandarren Biltzarrako menua hau izanen da: Etxeko piperrada, Patata tortila, aratxe e­rrea litxuekin (aratxeak Gartzaingo Migeltxo Galarregi eta Elizondoko Pantxito abeltzainei erosiak eta litxua berriz Iruritako Urrutia anaiena). Ondotik Euskal pasela (Malkorra goxotegia), izozkia (jauregia es­ne­kiak), kafea eta pattarra. Ilunabarrean karpan egiten diren bokadiloetarako Kortariko Bordako gasna erabiliko dute eta ostatuan salgai egonen den sagardoa, berriz, Lekarozko Larraldeakoa izanen da.

 

Baigorriko Basaizea elkartearekin elkartasuna omendua

Omendua aukeratzerakoan, «huntekoan Izpegiz bertzalde salto egin eta Baigorriko Basaizea elkarteko lagunei luzatu diegu gure artera biltzeko gonbidapena. Helburuek, intere­sek, lanak eta bestak maiz elkartu gaituzte eta hemendik aitzin ere hala izatea nahi dugu. Hortaz, elkartea  bera baino, elkartasuna omendu nahi dugu, Basaizea eta Baztandarren Biltzarra elkarteen arteko laguntasuna, batzuek muga gisa ikusten duten tokian guk zubia eraikitzen segi dezagun».

Baztandarren Biltzarrak berexiki nabarmendu nahi du ez duela inolako eraso sexistarik onartuko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun