Ernesto PRAT URZAINKI: «Orokorrean literaturak ezagutzen ez duen Baztan ageri da nobelan»

'Telleria eta gero zer?" liburua kaleratu du baztandarrak

Telleria eta gero, zer? izenburupean, bere hirugarren eleberria kaleratu du Ernesto Prat Urzainki baztandarrak Elkar argitale­txearekin. Bere hirugarren eleberria da eta bere hitzetan, «herritarren Baztan agertu dut liburuan, ez lainoen ­azpiko Baztan bukoliko eta turistikoa». Izenburuak «helburu ­bikoi­tza» omen du: Aroztegiko proiektuarekin paralelismoa bilatzen saiatu dela adierazi digu, baina gisa berean, jendearen jakin-mina piztu nahi izan duela ere aitortu digu, galderaren erantzuna bila dezan.

 

Nolatan eman zenuen li­burua idazteko pausoa?
Ihesean nintzela, 2009an, Aroztegia… eta ge­ro zer? plataformaren es­kuorri bat ailegatu zi­tzaidan. Bal­­­dintza haietan zaila nuen egitasmo espe­kula­tzailearen ko­ntrako borro­kan parte hartzea, eta zer edo zer idatz nezakee­la pen­tsatu nuen. Lehen zi­rri­bo­rroa ordukoa da, eskuz idatzia. Prentsatik bildu­ta­ko artikuluak erabi­li ni­tuen do­ku­­men­tazio gisa. Ondotik, (H)ilbel­tzare­kin lotua joan­ da zirri­bo­rroen gara­pe­na eta Euskal Nobela Beltza­ren Asteetan ikasitakoa isla­tzen ahalegindu naiz. Pro­tago­nis­ta­ri, erra­te­ batera­ko, Itxa­ro Borda­ren sola­saldi­ baten ondo­tik aldatu niz­kion­ sexua eta joera­ se­xua­­la. Jon Alon­soren Bel­­tzaren kolo­reak liburua ere la­gun­ga­rria izan da.

Aroztegiko proiektuari erreferentzia egi­­ten dio­la­ pentsa daiteke izenburua irakurri­ta...
Izenburuak helburu bikoi­tza du. Batetik, Aroztegiko gatazkarekin paralelis­moa bilatzen du eta ber­tze­­­­tik, irakurlearen jakin-mi­na piztu nahi du, galde­ra­­ren erantzuna bila dezan. Edozein modutan, ira­kurleak argi eduki behar du nobela dela, fikzioa, ez Aroztegiari buruz­ko saiakera bat. Protago­nis­tak pakete arraro bat aurkituko du eta, jakin gosez, nondik atera den ar­gitzen­ ahaleginduko da.

Herritarren Baz­­­tan ageri dela nabar­mendu nahi izan duzu, ez lainoen­ azpiko­ Baz­tan bukoliko­ eta turistikoa...
Usu literaturak landu edo sortu duen Baztan ez zait­ interesatzen, are gutiago dena postal turistiko bila­katzeko joera kontsumista. Kanpotik sortutako irudia dela erranen nuke. Nik ezagutzen dudan Baz­­­­­tan agertu dut nobelan. Be­rriki, Elurre Iriarte Bañez­en Landa eremua eta Baz­tan literaturak kontatua liburuxka irakurri­ta, nolako Baztan ager­tzen zen galdetu nion nire­ buruari, eta herri mugimenduaren Baztan ageri­ dela ohar­­tu nin­tzen: gaz­tetxe­roa, bestazalea, bo­rroka­laria… Oro­ko­rrean, litera­tu­rak ezagu­tzen ez duen Baztan.

Zer du asmatutik eta zer egiazkotik liburuak?
Dena da asmatua, egia de­na izan ezik [kar-kar-kar]. Liburu bat irakur­tzen dudalarik errealitatearen eta fikzioaren arteko muga non dagoen ez jakitea­ gustatzen zait. Horrek, nire irudiko, erakargarri egiten du liburua. Nire liburuetan ere horre­kin jolasten dut, iraku­rleak ondorio propioak atera ditzan.

Nobela beltza dela ere azpimarratu izan duzu, ez dela poliziakoa...

Nik maite ditudan nobela­ beltzen eskema klasikoa honakoa da: zerbait gertatzen da, bertsio ofizialak gertaera azaltzen du, norbaitek (detektibeak, kazetariak, herri­t­arrak…) ez du bertsio­ ofiziala sinesten eta egiaren bila abiatzen da. Egia nobela­ren bukaeran jaki­ten da, bertsio ofizialaren­ gainetik. Polizia nobeletan, aldiz, zerbait gerta­tzen da (hilketa bat normalki), eta gertaera argi­tzeko ikerke­ta abiatzen du protagonistak (polizia batek normalki). Arras modu sin­plis­ta eta eskematikoan azaldu dut, eta ez da beti­ horrela, baina gehienetan bai. Ni daltoni­koa naiz poliziekin eta ez ditut beren koloreak desberdin­tzen. Nire ustez, poli­ziek­­ ez dute sinesga­rri­ta­sunik (gutiago Euskal­ He­rrian) egiaren bila ibil­tzeko, ezta literaturan ere.

Izenburuak badu eran­tzunik?
Zementuzaleak aseezinak dira. Gure gurasoei erran zieten Lemoiz gabe­ kandelekin argituko geni­tuela etxeak. Itoitz­ gabe pikutara joanen zirela gure nekazariak. AHT gabe Europa­tik zokoratuak geldituko ginela. Baztanen ere, Belaungo errepidea behar omen genuen, Erdizko ha­­rrobia, Elizondoko saihesbidea, Arraiozko merkataritza-gunea, Aroz­tegia… Telleria eta gero, zer? galderaren erantzuna zentzurik gabeko gara­pen kapitalistak emanen du, lanaren, turismoaren eta espiritu santuaren izenean. Amen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun