Uztailaren 16an ospatuko den Baztandarren Biltzarra aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko uzt. 3a, 15:23
Baztandarren Biltzarraren aurkezpena egin dute astelehen goizean Elizondon.

Bertako produktuekin osatutako menua izanen da aurten ere eta Nafarroaren Eguna antolatzen duen Baigorriko Basaizea elkartea omenduko dute

Uztailaren 16an Elizondon ospatuko den Baztandarren Biltzarraren aurkezpena egin dute. Ongi dagoena bere hortan utzi behar omen da eta, hortaz, aurtengoan aldaketa eguti eginen dituzte programan. Bat aipatzekotan, bazkal ondoko bestaren espazioa pixka bat aldatu eginen dutela eta frontoiari eman zaion estalkia probextuz, «karpa kendu eta gure ostatua frontonera mugitu dugu».

 

Aurtengoan Baztandarren Biltzarrako menua hau izanen da: Etxeko piperrada, Patata tortile, aratxe errea litxuekin (aratxeak Gartzaingo Migeltxo Galarregi eta Elizondoko Pantxito abeltzainei erosiak eta litxua berriz Iruritako Urrutia anaiena). Ondotik Euskal pastela (Malkorra goxotegia), izozkia (Jauregia esnekiak), kafea eta pattarra. Ilunabarrean karpan egiten diren bokadiloetarako erabiliko duten gasna Kortariko Bordako gasna erabiliko dute eta ostatuan salgai egonen den sagardoa, berriz, Lekarozko Larraldea sagardoa izanen da.

 

Txartelak uztailaren 12an

Bazkarirako txartelen salmenta uztailaren 12an, asteazkenean, eginen dute Baztandarren Biltzarraren egoitzan, goizeko 10etatik goiti eta txartel bakoitza 23 eurotan erosi ahalko da.

Honekin lotuta eta aukera aprobetxatuz, baztandar gaztetxoei deialdi bat egin dite Baztandarren Biltzarra elkartetik, «beraien laguntza ezinbertzekoa zaigu eta hortaz, gure bestan zerbitzari gisa aritzera animatzen ditugu, bestan eta lanean, denon artean Baztandarren Biltzarra posible izan dadin».

  

Tonbola

Urtero bezala Baztandarren Biltzarrak tonbola jarri du martxan eta gargero bertako zenbait komertzioetan boletoak erosteko aukera bada. Boleto hauetan baztandar aunitzek emandako sariak aurkituko dituzue. Sari zuzenik ez duten boletoek 1.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute eta tonbolan parte hartzen duten komertzioetan gastatzeko izanen dira sos horiek.

Aurten ere kamisetak egin dituzte, Pello San Millan elizondarren kartel irabazlean oinarrituak. Elizondoko Intza ostatuan daude salgai edo bertzenaz, larunbatetan goizeko 11etatik 13:00etara eta besta aitzineko astean atsaldero, egoitzan ere izanen dira eskuragarri.

 

Baigorriko Basaizearen elkartasuna omendua

Omendua aukeratzerakoan, «huntekoan Izpegiz bertzalde salto egin eta Baigorriko Basaizea elkarteko lagunei luzatu diegu gure artera biltzeko gonbidapena. Helburuek, interesek, lanak eta bestak maiz elkartu gaituzte eta hemendik aitzin ere hala izatea nahi dugu. Hortaz, elkartea  bera baino, elkartasuna omendu nahi dugu, Basaizea eta Baztandarren Biltzarra elkarteen arteko laguntasuna, batzuek muga gisa ikusten duten tokian guk zubia eraikitzen segi dezagun».

Baztandarren Biltzarrak berexiki nabarmendu nahi du ez duela inolako eraso sexistarik onartuko. «Denendako besta izatea nahi dugu, elkar errespetatuz denok ongi pasatzeko eta bestaz gozatzeko. Hortaz, asmo horiekin ez dabilenari, etxean gelditzeko eskatzen diogu eta argi utzi nahi dugu edozein salaketen aitzinean eraso sexisten protokoloa martxan jarriko dugula, erabateko gaitzespena erakutsiz».

 

Egitaraua

Baztanen eskuara barra-barra leloarekin, aurten 54. aldiz baztandarren besta haundia ospatuko da uztailaren 16an. Aurten ere egun osoko besta izanen da eta hori horrela izateko egitarau osatua prestatu du Baztandarren Biltzarra elkarteak.

10:00etatik aitzinera, goiz osoan artisauen erakusketa egonen da ikusgai Pedro Axular karrikan. 11:00etan herri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko da. 14:00etan Mutildantzak izanen dira Elizondoko  plazan eta ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian.  Bazkalondoko animazioan, Baztango ioiak edo eztei-soinuak, Baztandarren Biltzarraren mezua, sari banaketa, animazioa, Hauspolariek taldearekin kantaldia eta dantzak izanen dituzte Merkatuko Plazan. 18:30ean hasita Trikidantz taldeak dantzaldia eskainiko du Laxoako plazan eta 20:00etan Oharkabe taldeak hartuko dio lekukoa. 01:00etatik aitzinera, Juan Angel DJ-arekin Laxoako plazako  ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun