IREKIBAI proiektuaren barnean Baztango Udalak erreka garbiketa auzolanak antolatu ditu

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 27a, 07:45

76 lagun aritu ziren joan den astean erreka garbiketa lanetan Baztanen.

Joan den astean Oronoz, Lekaroz, Elizondo eta Arizkunen 76 lagun aritu ziren garbitze-lanetan

Baztango Batzar Nagusiak joan den urtean martxan paratu zuen Baztango herrilurretako zabortegien garbiketa planari jarraipena emanez, Baztan erreka garbitzeko auzolanak antolatu zituen Udalak joan den astean bailarako zenbait herriekin elkarlanean.

Aurten ere, joan den urtean hasitakoari jarraipena emanez, ekainaren 5ean ospatzen den ingurumenaren munduko eguna baliatuz, garbiketa auzolanak antolatu ditu Baztango Udalak. Aurtengoan baina, herrilurretako zabortegiak garbitu ordez, Nafarroako Gobernuak bertze zenbait erakunderekin batera LIFE-IREKIBAI proiektuaren bitartez sustatzen dituen ingurumen boluntariotzetan parte hartzeko erabaki hartu da, Baztan ibaia garbitzeko auzolanak antolatuz.

Hala bada, Oronoz, Lekaroz, Elizondo eta Arizkunen (eskolak) antolaturiko auzolanak burutu ziren joan den astean. «Sentsibilizazio kanpaina egokia izan zen eta zaborra ere atera zen, bai horixe! Badugu lana gure errekak garbitzen! Lehendabiziko pausua gehiago ez zikintzea litzateke eta horrekin bide erdia baino gehiago egina izanen dugu», adierazi dute antolatzaileek.

Erran bezala, auzolanak burutu zituzten 4 herriak: Arizkun (eskolak antolatu eta bertako HH eta LHko haurrak ibili ziren, irakasleekin batera, garbiketa lanetan), Lekaroz, Oronoz eta Elizondo izan ziren eta hainbat kilo zabor atera ziren erreka bazterretatik. 76 lagun aritu ziren lanean auzolan hauetan eta benetan eskertzekoa da egin zuten lana.

Ekintza hauek Baztan bailara garbitzeko eta batez ere gehiago ez zikintzeko bidea jorratzeko balioko dute ziur. «Esker mila parte hartu zenuten guztiei eta ea ditugun zerbitzu, baliabide eta tresnak erabili eta garbiketa hauen beharra ekiditeko gai garen etorkizun hurbil batean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun