Belaunaldien arteko kanpalekua Elizondoko zahar etxean

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 23a, 12:09

Elizondoko Zahar Etxeko bizilagunek konpainia izanen dute datorren astean.

Datorren asterako adinekoen eta gazteen arteko elkarbizitza kanpaldia aurreikusi dute.

Ekainaren 26tik 30era arte iraganen den kanpaldia aitzindaria izanen da, eta gazte eta adinekoen artean elkarbizitza eta eskuzabaltasun baloreak transmititzea du helburu.

 

Elizondoko zahar etxea kudeatzen duen enpresak antolaturiko ekimena egoitzako hilabete kulturalaren baitan kokatzen da eta gazteei zahar etxeko dinamika eta jarduerak ezagutaraztea sustatuko du. Hauek lorategian oihal etxeetan lo eginen dute, baina dutxak, jantokia eta bertze lekuak partekatuko dituzte, elkarbizitza uztartzeko moduan.

Batera eginen dituzten ekintzak, egunero egunkaria irakurtzea, hidratazio saioak, esku lanak, mahai-jokoak eta film proiekzioak dira.

Eta akitzeko, uztailaren 1ean, larunbata, Familien Eguna ospatuko dute. Egun hau familia, lagun, barride, bolondres, langile eta erresidenteen eguna da, besta giroan denak biltzeko aukera ematen duena. Meza izanen da lehenik, aipamen berexia eginen dugu adin desberdietako harremanak sustatzeari, kanpaldian egondako gaztetxoak ere bertaratuko dira eta gero luntxa izanen dugu denendako musikaz alaiturik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun